Gipuzkoa

Usurbilek bilera irekia deitu du lau proiektuz aritzeko

Asteazkenean Potxoenean 18.00etan, irisgarritasunarekin lotutako obrak azalduko dituzte
Usurbilgo ETSko tren geltokia. | ARGAZKIA: N.G.

Usurbilgo Udalak bilera deialdi irekia egin du elkar eragiten duten hiru proiekturen berri emateko. Batzarra asteazkenean 18.00etatik aurrera izango da, Potxoenean.

Bileraren lehenengo zatia usurbildar guztiei irekia izango da, tren geltoki berriaz eta San Esteban kaleaz aritzeko. Bigarren zatian, Etxealdirako HAPOak jaso dituen proposamenak eta Irisgarritasun Plana landuko dituzte, bertako auzotarrekin. Etxealdiko auzotarrak zuzenan gutun bidez gonbidatu dituzte parte hartzera.

Izan ere, urte hasieran, udal ordezkariak Etxealdiko bizilagunekin elkartu ziren, auzoaren beharrak identifikatu eta soluzio posibleak lantzeko. Bilera horretan, Udalak hainbat konpromiso hartu zituen eta horiek jorratzen aritu da.

Gauzak horrela, Etxealdiak dituen irisgarritasun arazo garrantzitsuenei konponbidea emango dien Irisgarritasun Plana osatzeko lanketa hasi zuten. Udalak arkitekto enpresa bat kontratatu du, eta haiekin egindako proposamena aurkeztuko dute.

Gainera, San Esteban kalea irisgarriago egin eta oinezkoei lehentasuna emateko exekuzio proiektua ida-tzita dago jada, eta Udalak urtea amaitu aurretik esleitu nahi ditu lanak.

Tarte horretan gainera, uztailean, Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) tren geltoki berria egiteko hitzarmena lortu zuen Udalak. Geltoki berriarekin, oinezkoen segurtasuna bermatuko da, egungo trenbide-pasagunea ezabatuko baita, herriko puntu arriskutsuetako bat desagerraraziz. Donostiako Errekaldekoaren antzekoa izango da.

04/10/2022