Buscar
Gipuzkoa

Usurbilek etorkizuneko hirigintza plana onartu du

HAPOak herriko antolamendua eta lurzoruen erabilera zehazten du
Usurbil airetik ikusita. | ARGAZKIA: N.G.
Usurbil airetik ikusita. | ARGAZKIA: N.G.

Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) hasieraz onartu berri dute, hilabete honetako ezohiko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin. EAJk aurka bozkatu zuen.

HAPOa hirigintza plan bat da. Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko tresna da; izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du.

HAPOaren indarraldia, dokumentu juridikoa den aldetik, mugagabea den arren, dokumentuan jasotako hirigintza proposamenak hamabost urteko aldiari erantzuten dio. Udal Gobernuak azaldu zuenez, herriaren beharren araberako programazioa aurreikusi da: “Jarduketa programaren bidez, Usurbil modu orekatuan eta ordenatuan hazi eta garatzeko ezinbesteko tresna da”.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak adierazi zuenez, herri eredu propioa sustatzen du HAPOak: “Hain justu, tresna edo bitarteko izan nahi du denon artean eraikitako eta denontzako izango den Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa eta bizigarriagoa bihurtzeko, euskara garapen komunitarioaren ardatz izango duena, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena, eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena aspirazio gisa”.

HAPOa lantzeko lana handia izan da. Hala, 2014ko maiatzean ekin zion Udalak plangintza orokorra berrikusteko prozesuari, 2004-2013 artean onartutako arau subsidiarioak ordezkatzeko asmoz. Ordutik, hamaika azterlan eta dokumentu osatu eta onartu dira, baita hainbat parte-hartze prozesu gauzatu ere, HAPOan txertatuko direnak. Dokumentua hasieraz onartuta, jendaurreko epea irekiko da, herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten: hiru hilabetez egongo da, urtarrilaren 31ra arte.

Behin alegazioak eta oharrak eba-tzita HAPOan txertatzeko, behin-behinean onartutako dokumentua EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordera igorri behar da.

Ondoren, Usurbil 7.000 biztanletik beherako herria izaki, Gipuzkoako Aldundiari dagokio behin betiko onarpena ematea. GAOn argitaratuko da ebazpena behin betiko onarpena jaso dezan. Alkatearen esanetan, bizpahiru urte beharko dira indarrean sartzeko.

2022-10-28T19:25:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo