Booktegi webgunea euskarazko literatura sarean heda-tzeko xedearekin sortu zen. Bere bosgarren urteurrena goraipatzeko asmoz, Booktegi jaialdia antolatu dute Usurbilen urriaren 22an, Sutegi kultur etxean.
Ospakizun moduan, egun osoko jaialdia prestatu dute, eta literatura, musika, arte ederrak, solasaldiak eta antzerkia batuko dituzte. Idazle eta sortzaile ugarik parte hartuko dute Booktegi jaialdian.
Bertan izango dira, besteak beste, Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Anari, Asel Luzarraga, Itziar Ugarte, Uxue Alberdi, Amorante, Iraia Elias eta Oihana Arana. Usurbilekin lotura estua duen Itxaro Borda idazleak egingo ditu anfitrioi lanak, eta Xabi Strubellek jarriko dio soinu banda egunari.
Ekitaldi guztiak doan izango badira ere, hiruren kasuan sarrerak eskatu beharko dira, aldez aurretik, Usurbil Kultura plataforman: Anariren Habiak emanaldirako, Iraia Eliasen eta Hatxeren Azken aurreko manifesturako eta Uxue Alberdiren eta Amoranteren Meza Nagusirako.
Gainera, literatur zaleen parte-hartze aktiboa sustatzeko ekitaldi bat ere antolatu dute, elkarlanean, Booktegik, Noaua elkarteak eta Sutegi udal liburutegiak: Poesia-Itzulera. Euskarazko poema bat aukeratu, eta beste batek aukeratutakoa irakurriaz, kate bat osatu nahi dute.
Parte hartu nahi dutenei eskatu diete izena emateko Sutegin edo Noauaren egoitzan, eta aukeratutako poema bidaltzeko ondorengo helbideetara, ostirala baino lehen: biblioteka@usurbil.eus edo elkartea@noaua.eus . Booktegi jaialdiko lehenengo ekitaldia izango da, 10.00etan.
Horrez gain, Habiak erakusketa egongo da ikusgai, Sutegiko erakusketa gelan, urriaren 22tik 30era: ostiralean, 18.00etatik 20.00etara eta larunbat eta igandeetan 12.00etatik 14.00etara bisitatu ahalko da.
Taldeko bisitak antolatzeko aukera ere eskaini dute. Nahi duenak, eskaera egin dezake info@booktegi.eus helbidean. Anariren izen bereko diskoa da erakusketaren oinarria, eta disko horretako kantuak dira Booktegi jaialdian eskainiko dituenak.
Duela zenbait hilabete jaso zuen Udalak Booktegi jaialdia Usurbilen egiteko eskaera. Luken Arkarazok, Kultura zinegotziak, azaldu duenez, “pozik hartu genuen albistea: Usurbilek lotura estua du kulturarekin, eta Booktegiren jaialdia herrian egin ahal izatea ohorea da”.