Gipuzkoa

Usurbilek hil honetan irekiko du 26 lanpostuetako izen-ematea

Egonkortze Legea betetzeko xedearekin, oinarriak BOEn argitaratzen direnean zabalduko da inskripzioa
Usurbilgo udaletxea. | ARGAZKIA: A. MUGA

Urtarrilaren erdialdean irekiko da Usurbilgo Udaleko Lan Eskaintza Publikoan (LEP) izena emateko epea. Udalak maiatzean onartu zuen 26 lanpostu eskaintzea, Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan onartutako Egonkortze Legeari jarraituz.

Abenduaren amaieran beste urrats bat eman zuen prozesu horretan, 26 lanpostuen oinarriak GAOn argitaratuta. BOEn argitaratzea baino ez da falta izen-ematea ireki ahal izateko. BOEn argitaratzean, 20 laneguneko epea izango da, biharamunetik kontatzen hasita.

Izen-ematea bi modutara egin ahal izango da: elektronikoki, Udaleko zerbitzu telematikoen bidez (Udalaren webgunearen azalean jarriko da bertara sartzeko lotura) edo udaletxeko erregistroan.

Egonkortze Legeak bi prozesu mota aurreikusten ditu. Lanpostuaren arabera, oposizio-lehiaketa (azterketa) bidez edo meritu lehiaketa hutsez egingo dira prozesuak, eta baldintzak betetzen dituen edonork aurkeztu ahal izango du.

Izan ere, legearen arabera, egonkortuko direnak lanpostuak izango dira, eta ez gaur egun horiek bete-tzen ari diren langileak. Usurbilgo Udalak egonkortu asmo dituen 26 lanpostu horien kasuan, ia denak, 25, meritu lehiaketa hutsez ebatziko dira, eta bakarra oposizio-lehiaketa bidez.

Bi lehiaketen oinarriak Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

13/01/2023