Bi urteko lanaren ostean, zaintza eredu berri bat osatzeko parte-hartze prozesuan landutakoak herritarrei ezagutarazteko Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak Zaintza Azoka antolatu dute azaroaren 19an, Pertsonak ardatz, zaintzak eraldatzen! lelopean. Saioak Sutegin eta Potxoenean burutuko dira eta antolaketa lanak errazteko, bertan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, Udalaren webgunean jarritako formularioa beteta edo udaleko Gizarte Zerbitzuetara deituta (tel.: 943 377 110).
Jardunaldia 10.00etan hasiko da Sutegin parte-hartzaileei egingo zaien harrerarekin. Ondoren, 10.30etik 11.30era, Zer da Usurbilgo zain-tza ekosistema? mahai-ingurua programatu da.
Jarraian, 11.30etik 13.00etara, Potxoenean, parte-hartze prozesuan sortu ziren lau lantaldeak aurkeztuko dituzte: Zerbitzuak (enpresetako ordezkariak, langile profesionalak zein etxeetan lanean ari direnak); Erabiltzaileak (zaintza behar dutenak eta haien senideak); Gizarte Zerbitzuen lantaldea eta Komunitatea edo herritarrak. Azokan bertan bakoitzaren esperientziak ezagu-tzeko aukera izango da.
Ostean, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa etaMatia Fundazioa eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunea bisitatuko dituzte.
Zaintza azoka ixteko, 13.45etik 15.00etara, goizeko saioetako hausnarketak eta ondorioak laburbilduko dira. Amaitzeko, luntx baten bueltan, elkarrizketarako eta hausnarketarako abagunea izango da Artzabalen.
Hitzaldi zikloa
Zaintza azokarekin batera, hitzaldi ziklo bat egingo dute. “Garrantzitsua iruditzen zaigu gure burua formatzen jarraitzea, feminismotik egiten diren proposamenak ezagutu eta geure egitea, ikasten jarraitzea, eraldaketarako bidean ezinbestekoa dugulako”, nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurkezpenean.
Guztira, urtarrila arte, hiru hitzaldi egongo dira, hilean bat, eta goi mailako hizlariak etorriko dira.
Honela, azaroaren 17an, Zaintza lanen demokratizaziorantz: etxeko langileak borrokan mahai-ingurua burutuko da, Matxalen Legarretaren, EHUko irakaslearen, Txefi Rocoren, LABeko ordezkariaren, eta Maitelan kooperatibako ordezkari baten parte-hartzearekin.
Hurrengo mahai-inguruak abenduaren 15ean eta urtarrilaren 27an izango dira.