Usurbilgo Udalak hainbat urte eman ditu, hainbat eragile eta norbanakorekin elkarlanean, zaintza eredua eraldatzeko lanketan. Partaidetza prozesu bat egin zuen 2021-2022 artean, eta 2023-2024 urteetan eredu berriaren inplementazioari ekin zion, eredu berrira iristeko eman beharreko pausoak eta lanak finkatu zituen bide-orri bat zehazten. Orain, eskaintzen duen arreta eredua eraldatzeko unea iritsi da.
Horiek horrela, martxoaren 29an Usurbilgo Udalak zaintza ereduaren inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztu eta arreta eredu berriaren inguruko azalpenak emango ditu Usurbil, herri zaintzailea ekitaldian. Saioa 11.00etatik 13.30era burutuko da Sutegin eta beharrezkoa izango da Usurbil Kultura webgunean gonbidapenak eskuratzea.
Dokumentala
Usurbil, herri zaintzailea ekitaldiak lau zati izango ditu. Lehenengo, izen bereko dokumentala estreinatuko da. Usurbilgo zaintza ereduaren eraldaketa islatzen du ikus-entzunezkoak. “Herri proiektu honetan parte hartu duten edo parte hartzen ari diren herritarrak eta eragileak dira protagonistak: haienak dira ahots nagusiak”, azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurkezpenean. Guztiei esker ona adierazi, eta Usurbilentzako ez ezik, zaintzaren inguruan bide bera jarraitu nahi duten beste herrientzat ere tresna garrantzitsua izango dela nabarmendu zuen.

Ekitaldiko kartela
Bizi-planak
Udalak eskaintzen duen arreta ereduaren eraldaketa aurkeztuko dute, ondoren. Hau da, zerbitzuak edo baliabideak eskaintzetik pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte-hartzailean osatutako bizi-planak zer diren azalduko da: zaintza behar duen pertsonari erabakimena eman eta bere bizitza proiektuari, ahal den heinean, jarraikortasuna emateko tresna izan dadin nahi du Udalak. Solaberrietak azaldu zuenez, udaleko gizarte langileek etengabeko formazioa jaso dute, urte luzeotan, Matiaren laguntzarekin: “Begirada aldatzen, lan-tresna berriak eraikitzen eta zaintzen alorrean ditugun zerbitzuen artikulazioa, koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatuko duen antolaketa eta egitura berri bat eratu dugu. Dagoeneko lantalde ezberdinak ditugu martxan, eta modu ekosistemikoan eta koordinatuan lan egiteko mekanismoak ari gara eratzen”, jakitera eman zuen.
Ekosistema eta proiektu komunitarioak
Ondoren, Usurbilgo zaintza ekosistemaren egitura berria aurkeztuko dute: ekosistema osoaren argazkia ez ezik, elementu bakoitzaren inguruko azalpenak emango dituzte, udaleko gizarte langileek nabarmendu dutenez.
Horren ostean, herri zaintzaile bat zer den irudikatuko dute, Usurbilen helburu horrekin bat eginda lanean ari diren proiektuak aurkeztuz. Gogoratu zutenez, zaintza komunitarioa artikulatu asmoz lanean dabil talde bat, “Udaletik egin daitekeenaz harago, asko baita komunitateak egin dezakeen ekarpena herrikideen ongizate komunitarioa lortzeko”.
Zaintza beharrak bizitzaren hainbat etapatan behar izateaz gainera, sortzen dituzten arrazoiak ere askotarikoak izan daitezkeela nabarmendu zuten. Hala, herrian martxan dauden edo jartzekoak diren ekimen komunitarioek beren lekua izango dute aurkezpenean ere: Txirikordako orduen bankua, HurBilduz auzo-zaintza proiektua, HarEman programa, merkataritza zaintzailea...