Gipuzkoa

Usurbilgo Elkarguneko izena, marka eta eraikina aurkeztuko dira

Gazte elkarteen ekipamendu berriko sustatzaileak hilaren 22an bilduko dira
Udarregi ondoko zelaia, Elkargunea eraikiko den tokia
Udarregi ondoko zelaia, Elkargunea eraikiko den tokia / Aitziber Muga

Actualizado hace 7 minutos

Datorren otsailaren 22an Usurbilgo Elkargunearen inguruko hainbat gai plazaratzeko aurkezpena egingo dute, elkarrekin, Udalak eta proiektuaren bultzatzaile diren Aztarrika gazte asanbladak, Gaztelekuak, Kulturguneak eta Ziortza gazte elkarteak. Sutegiko auditoriumean izango da bilera 12.00etan. 

Prozesua

Gogorazi dutenez, 2023ko maiatzean, Aztarrikak, Usurbilgo Kulturguneak, Ziortzak eta Gaztelekuak Elkargunea sortzeko ideia aurkeztu zuten: herrian gazte, nerabe eta kulturgileentzako gune berri bat behar zela nabarmendu zuten.

Hortik aurrera, udal ordezkariak eta eragileak hainbatetan bildu eta zenbait aurrerapauso eman zituzten. 2024ko urtarrilaren 19an, partaidetza prozesua aurkeztean, Jon Mikel Azpiazu zinegotziak azaldu zuenez, Udalak “potentzialitate handia” ikusten zion proiektuari, herriaren eta herritarren hainbat beharri erantzuteko balioko zuela iritzita. Herriko gazte zein kulturgileek erakutsi zuten “inplikazioa” ere nabarmendu zuen zinegotziak.

Udarregi ondoan

Partaidetza prozesua aurkeztearekin batera, eragileek eta Udalak Elkargunea Udarregi ikastolaren aurreko zelaian eraikitzea adostu zutela jakinarazi zuten.

Izan ere, eraikin berri bat behar zela adostu zuten, eta Udalak horretarako konpromisoa hartu zuen: “Udalak, eraikin berriak egin baino lehen, erabiltzen ez diren eraikinak berritzea du irizpide nagusitzat, baina, kasu honetan, Usurbilen ez dago eragileek irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik, eta, beraz, berri bat egin behar da”.

Aurkezpena

2024an, hainbat gai landu zituzten eragileek, Elhuyarrekin batera, eta proiektuari izena jartzeko ekarpenak jasotzeko epe bat ere jarri zuten. Izen horren berri ere emango dute, aurkezpenean.

Hortaz, orain, iazko prozesu hark emandakoak ez ezik, eraikinaren proiektua, izena, marka eta hurrengo urratsen berri emango dute otsailaren 22ko batzarrean.

Hurrengo pausoak

Gainera, Udalak, eraikinaren exekuzio proiektua idazteko eta obra zuzendaritza esleitzeko lizitazioa abiatuko du: ondo bidean, udaberrirako aukeratuta izango du talde irabazlea.

Horren ostean, esleipendunak exekuzio proiektua idazteko sei hilabeteko epea izango du, eta hori eskuratutakoan abiatu ahal izango du Udalak obrak esleitzeko prozesua. Usurbilgo Udalaren aurreikuspenen arabera, 2026an hasi ahal izango dira obrak.

Gazte taldeen beharrak

Gazte taldeen beharrak Usurbilgo gazte taldeek asetu gabe zituzten hainbat behar bultzatuta egin zuten Elkargunearen proposamena.

Aztarrika gazte asanbladari dagokionez, Gaztetxe baten beharrak bultzatu zituen Elkargunearen planteamendua egitera.

2022an sortutako Usurbilgo Kulturgunean hasieratik azaleratu zen espazio berri baten beharra “zuzeneko kulturaz zutik gozatzeko eta sorkuntzarako”.

Ziortza gazte elkarteak azaldu zuenez, gero eta gazte gehiago gerturatzen da Ziortzara, eta ez daukate guztiak elkartzeko leku egokirik. 130 gazte inguru biltzen dira hilean behin gutxienez.

Azkenik, Gaztelekuko erabiltzaileek Elkarguneko beste taldeekin izan dezaketen hartu-emana aberasgarria izango dela zeritzoten.

2025-02-06T22:17:21+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo