Actualizado hace 16 segundos
Usurbilgo nerabe, gazte eta kultur zaleen elkarlanerako ekipamenduak Arrobitxulo izena izango du. Orain arte Elkargunea gisa ezagutua izan den proiektuaren nondik norakoak aurkeztu dituzte ekimen honen bultzatzaileek. Marka irudia, eraikinaren proiektua eta hurrengo urratsen berri ere eman dituzte Sutegi kultur etxean egindako aurkezpenean.
42 proposamen
Elkargunerako izenaren proposamenak jasotzeko hainbat bide landu dituzte. Guztira, 42 proposamen jaso dira, eta Arrobitxulo aukeratu dute, guztien artean, toponimiarekin duen harremana eta sinbolismoagatik.
Elkargunea eraikiko den zelaiaren alde bateko kaleak Arrobitxulo izena du: garai batean harrobia zegoen han, baita zuloa ere, eta ikasleak eskolarako arbelaren bila joaten ziren bertara.
Harrobi zein zulo kontzeptuen sinbolismoa ere nabarmendu dute. Batetik, gaztetasunaren, sorkuntzaren, euskal kulturaren transmisioaren eta belaunaldi arteko harremanen harrobia izan dadin nahi dute. Bestetik, zuloa Arrobitxuloko kontzertuen aretoarekin lotu dute.
Logotipoa
Marka irudia izen berriarekin erabat lotuta dago. Malen Aierbe Zubeldia diseinatzaile usurbildarrak osatu du eta proiektuaren edukiez gain, arestian aipatu bezala, izena bera hartu du marka irudia sortzeko oinarri gisa, “bere esanahi eta garrantziagatik”. Aierbek Arrobitxulo letra-tipoa sortu du, alfabeto osoko letrekin eta hizkiekin. “Sendotasuna eta nortasuna” adierazten dituzte letrek, eta guztiak hiruki batek (gutxienez) zulatzen ditu; hirukiak play ikurra eta fokuen argiztapena irudikatzen ditu, proiektuaren musikalitatea eta dinamismoa islatuz. Hori guztia, gainera, kolore bizi-biziekin jantzi du.
B letran, bi hiruki daude elkarri begira, elkarlana adierazteko helburuarekin, eta horixe da markaren isotipoa ere: logoa osorik jarri gabe, marka identifikatzeko elementua izango da.
Eraikina
Eraikinari dagokionez, barruan, hiru espazio nagusi izango dira: bakoitzak bere funtzio propioak izango baditu ere, bestelako erabilerak emateko moduan irudikatu dituzte. Batetik, areto nagusia, gazte mugimenduaren jardunerako erreferentziazko gunea izango da, kontzertuak, asanbladak eta, oro har, jarduera jendetsuak egiteko balioko du. Oholtza, soinu-ekipoa, komunak eta sukaldea izango ditu. Bestetik, aisialdi gunea Gaztelekuko eta Ziortzako gazte eta nerabeentzat erabilera libreko espazioa izango da. Sormen guneak, berriz, soinu gunea, gune digitala, ispilu gela eta gune narrasa izatea nahi dute.
Eraikin honek, gainera, kanpoko aldearekin harremana izatea da asmoa, proiektuaren zein herritarren aisialdi jardueretarako balioko duena.
Beharrei erantzuteko
Udalak potentzialitate handia ikusten dio proiektuari, Iratxe Begiristain zinegotziak azaldu duenez: “Uste dugu herriaren eta herritarren hainbat beharri erantzuteko balioko duela”. Udal Gobernuak ere hasieratik egin du Elkargunearen aldeko apustua, eta gogoratu du Legealdiko Planean hartutako konpromisoetako bat dela.

Udarregi ondoko partzela
Hala, Elkargunea definitzeko partaidetza prozesua bultzatu zuten iaz, eta Udarregi pareko zelaian eraikitzea adostu zen. “Leku egokiena da, bai espazioaren tamainaren aldetik, eta baita arauen aldetik ere; egun indarrean diren Arau Subsidiarioek zein behin-behineko onarpena emana diogun Plan Orokorrak espazio horretan udal ekipamendu bat egitea aurreikusten du”. Udalaren irizpidea, eraikin berriak egin baino lehen, erabiltzen ez diren eraikinak berritzea da, baina, kasu honetan, herrian ez dago irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik.
2,5 milioi
Udalak eraikina egiteko 2,5 milioi euroko mailegu bat eskatu du, eta, horrez gain, aurre-proiektua ere esku artean du: “Orain exekuzio proiektua idazteko lizitazioa aterako dugu, obraren kostu handia dela eta. Irabazten duenak sei hilabeteko epea izango du exekuzio obra idazteko, eta ondoren, obra bera esleitu behar da: dena ondo bidean, 2026 hasieran izan daiteke hori”.
Kudeaketa partekatua
Udala proiektuaren sustatzaile eta eraikinaren jabe den aldetik, Elkargunearen kudeaketa partekatua izango da, eta eredu propio bat sortzeko asmoa adierazi dute. Oinarriak adostu dituzte: lanerako auto-kudeaketaren filosofia hartzea. Gaztelekuaren kudeaketa esleipen publiko bidez egiten jarraituko dute.
Orain arteko ibilbideaz eta lanaren emaitzaz gain, aurrera begirako urratsez ere hitz egin zuten Sutegiko aurkezpenean. Hurrengo asanbladaren data ere jakinarazi zuten: martxoaren 22an izango da.