Usurbilgo Udalak aditzera eman duenez, herrian auzo-zaintza proiektu bat martxan jartzeko asmoa du eta Zabalduz kooperatiba kontratatu du zeregin horretarako.
Izan ere, pandemiak lehendik zegoen kezka bat agerian utzi zuen: egungo zaintza sistema ez dela gizartearen eraldaketara egokitu, eta, beraz, ez dela gai zaintza egoki bat emateko.
Eraldaketa horren adierazle dira familia ereduen aldaketa, emakumearen lan munduratzea, indibidualismoa, landa-eremuen despopulazioa, eta abar. Hori ikusita, pandemian bertan jarri zen martxan, Usurbilen, zaintza eredu berri bat eraikitzeko lanketa.
Pandemian agerian
Covid19-aren itxialdian, agerian gelditu zen asko zirela herrian bakarrik bizi diren adineko pertsonak, eta, besteak beste, telefonoz deitu zien Udalak 65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi ziren herrikideei, zer moduz zeuden galdetu eta euren beharrak ezagutzeko.
Zaintza eredu berri baten beharra nabarmen geratu zen orduan, eta horri erantzuteko modu gisa auzo-zaintza sareak sortzeko aukera jaso zuten.
Hasiera batean, auzo-zaintza proiektu pilotu bat martxan jartzea da asmoa, auzo batean: komunitateak zaintza eskaintzeko izan dezakeen potentzialitatea aprobetxatu nahi da, alegia, herrikideak zaintzeko komunitateak egin dezakeen ekarpena. Ez da baztertzen galdetegi eta elkarrizketetatik bestelako beharrak azaleratzeko aukera.
Galdetegia
Orain, proiektua definitu aurretik, herritarrek bakardade ez hautatuaren inguruan duten pertzeptzioaren berri izan nahi du Udalak galdetegi bat prestatu du horretarako.
Zaintza ekosistemaren lanketatik sortu da gaia aztertzeko beharra, eta lehenengo urratsa herritarren ikuspuntua jasotzea izango da.
Galdetegiak anonimoak izango dira, eta Internet bidez edo paperean erantzun ahal izango dira: etxez etxe banatuko da, Udalberri aldizkariarekin batera. Papereko erantzunak herriko hainbat udal ekipamendutan eta merkataritza lokaletan utzi ahal izango dira, apirilaren 16ra bitartean.
Galdetegiak uzteko kutxen kokapena hau da: udaletxea, Potxoenea, kiroldegia, Emakumeon Etxea, osasun zentroa, Artzabal, Opil Goxo, Otar-Goxo, Kaffa kafetegian, Laurok, Arruti harategia, Aginagako eta Santueneako jubilatuen elkarteak, Egurtzegiko taberna, Zubietako Alamandegi taberna eta Esnaola janari denda.
Galdetegiez gain, elkarrizketak ere egingo dira herriko hainbat eragilerekin. Informazio hori guztia aztertu eta ondorioak aterako dituzte, gero, zein behar dauden ezagutu eta beharrezkoak diren esku hartzeak planifikatzeko.
Garatuko den proiektua eta diagnostikoaren emaitzak udaberrian aurkeztea aurreikusten da.
Hernaniren eredua
Hernani Burujaberen proiektu komunitarioaren baitan, 2022an jarri zuten bakardade ez hautatuaren kontrako auzozaintza programa martxan bost auzotan: Portu, Elizatxo, Zikuñaga, Etxeberri eta Sagastialde. Gaur egun zortzi auzotara hedatu da eta 84 pertsona lagundu dituzte. 65 urtetik gorako pertsona hauei aisialdirako ekintzak edo konpainia egiteko pertsonak bilatzen dizkiete