Usurbilgo Udalak Whatsapp kanala estreinatu du, eguneroko albisteen berri emateko tresna berri gisa. Udalak, webguneaz eta Udalberri aldizkariaz gain, kontu bana irekia du X, Facebook eta Instagram sare sozialetan, eta Whatsapp kanalarekin albisteak are herritar gehiagorengana iristeko bokazioa du.
Oso zabaldua
Whatsapp aplikazioaren erabilera oso zabaldua dago, gaur egun. Aplikazioak, banakako zein taldekako mezuak bidali eta jasotzeko aukeraz gain, kanalak sortzeko aukera ematen du: jarraitzaile eginda, bidaltzen diren edukiak nork bere telefonoan jasotzeko modua ematen du.
Abisuen berri
Aldebakarreko tresna da, kanalaren kanalaren sortzaileak edo igorleak baino ezin baititu mezuak bidali: udal-jarduna, ekitaldiak, bandoak edota salbuespenezko ohar edo abisuen berri izateko erabiliko da. Era berean, jarraitzaileentzako segurtasun bermea ere badu, igorleak ezin baitu ikusi kanalaren jarraitzaileen inolako daturik.
Emakumeon Etxeak ere
Usurbilgo Emakumeon Etxeak eta Aniztasun Kontseiluak ere Whatsapp kanal bana dute.