Gipuzkoa

UZ Trailen inoiz baino neska gehiagok parte hartuko dute

Urretxu eta Zumarragako proba igandean izango da
Patxi Catalan, Maialen Fidalgo eta Joseba Angulo, aurkezpen ekitaldian.
Patxi Catalan, Maialen Fidalgo eta Joseba Angulo, aurkezpen ekitaldian. / Asier Zaldua

Actualizado hace 3 minutos

Igandean UZ Trail lasterketaren hamaikagarren edizioa egingo dute Urretxu eta Zumarragako mendietan. Azken urteetan bezala, hiru ibilbide egongo dira: 23,4 kilometrokoa, 12,1 kilometrokoa eta 6 kilometrokoa. Bi luzeenak Goierri Koparako puntuagarriak izango dira. Emakumezkoen parte hartzea inoizko altuena izango da: parte hartzaileen ia %25 emakumezkoa izango da.

Ibilbide luzeko korrikalariak 9.00etan abiatuko dira Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik. Izazpira igoko dira, herrira jaitsiko dira, ondoren Irimora igoko dira eta helmugara jaitsiko dira.

Ibilbide ertaineko korrikalariak, berriz, 9.30ean abiatuko dira Areizaga-Kalebarrenetik. Izazpi mendira igoko dira eta ondoren herrira jaitsiko dira. Ibilbide motzeko korrikalariak ere 9.30ean abiatuko dira. Beloki mendira igoko dira eta ondoren herrigunera jaitsiko dira. Bi lasterketa luzeenetan 18 urtetik gorakoek bakarrik parte har dezakete.

Lasterketa motzeko parte hartzaileen artean Erin eta Endika Altzelai zumarragarrak izango dira. Erinek 10 urte ditu eta Ehlers-Danlos baskularra du. Bere aita Endikarekin batera, hainbat lasterketatan parte hartu du, dibertsitate fun-tzionala duten pertsonen errealitatea ezagutarazteko eta eskubide eta baliabide berdintasuna aldarrikatzeko: Behobia-Donostian, Zaragozako maratoi erdian, Eitzako krosean…

Igandean mendi lasterketa batean parte hartuko dute, lehenengoz. Eguraldiak laguntzen badu, lasterketa motza egingo dute. Horretarako, Zure irrifarra, nire indarra elkarteko boluntarioen laguntza izango dute.

UZ Trail asteazkenean aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Patxi Catalan antolatzaileak, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Joseba Angulo Zumarragako kirol zerbitzuetako buruak parte hartu zuten.

Fidalgok UZ Trail goraipatu zuen, auzolanean antolatzen delako eta kanpotarrak erakartzen dituelako. Hori dela eta, antolatzaileei eskerrak eman zizkien.

Catalanek emakumeen parte hartzea azpimarratu zuen. “100 parte hartzaile emakumezkoak izango dira, ia %25a. Lasterketa luzean %18 emakumezkoak izango dira, ertainean %26 eta motzean %46”.

Dortsal guztiak saldu dituzte. “Ez dugu parte hartzaile kopurua igo nahi, korrikalariei arreta ona eskaini nahi baitiegu”. Boluntarioei eskerrak eman zizkien. “Bidegurutze bakoitzean boluntario bat egoten da. Iaz oso eguraldi txarra egin zuen eta oso gaizki pasa zuten. Hala ere, aurten ere laguntzeko prest agertu dira. Aurten ez du eguraldi iragarpena begiratu ere egin nahi. Dena ondo atera dadila eta jendeak goza dezala”. Bi udalei ere eskerrak eman zizkien.

Argazki lehiaketa Angulok ere eskerrak eman zizkien antolatzaileei. Eta lasterketan parte hartuko ez dutenak argazki lehiaketan parte hartzera animatu zituen. Pertsona bakoitzak bost argazki aurkeztu ditzake gehienez. Argazkielkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira, martxoaren 26ko 14.00ak baino lehen.

Sari banaketa ekitaldia apirilaren 4an izango da, 19.00etan Urretxuko udaletxeko portaloian. Bost sari banatuko dira: argazki onenari (150 euro), bigarren argazki onenari (100 euro), herriko argazki onenari (90 euro), gaztetxoen argazki onenari (50 euro) eta gaztetxoen bigarren argazki onenari (30 euro).

2025-03-21T20:00:29+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo