Buscar
Gipuzkoa

Villabona: Bolatokia estaltzea eta padel pistak eraikitzea aukeratu dute billabonatarrek

Gurea aretoan herritar bat botoa ematen. Argazkia: N.G.
Gurea aretoan herritar bat botoa ematen. Argazkia: N.G.

Villabona – Bolatokia estaltzea eta padel pistak eraikitzea izan da proiektu irabazlea Villabonako herri galdeketan. 1.033 herritarrek parte hartu dute eta Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde bereziak oso balorazio positiboa egin du.

"Horrelako parte hartze prozesu batean mila herritarretik gorak parte hartzea ez da zifra makala, batez ere asteburuan izan dugun eguraldi makurra kontuan izanda", azaldu dute. 16 urtetik gorako erroldatuen %20,8ak eman du bere iritzia. Hilaren 19an hasita, telematikoki botoa emateko aukera izan dute herritarrek eta pasa den asteburuan modu presentzialean egin dute Gurea zinema aretoan.

Babes handiena lortu duen proiektua izanik (1.221 puntu), Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea, padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa 2022 urtean eraikitzeko konpromisoa hartu du Udalak. Datozen egunetan harremanetan jarriko da proiektua proposatu zuen herritarrarekin, aurrera eramateko eman beharreko pausoak adosteko.

Aurrekontua 396.590 eurokoa izanik, ezin izango da beste proiekturik egin, Udalak parte hartze prozesu honetarako ezarritako aurrekontua 400.000 eurokoa baita.

Amaitzeko, bere poztasuna adierazi du Udalak parte hartze prozesu honen hasieran ezarritako helburuak bete direlako eta "Amasa-Villabonan inoiz egin den parte hartze ariketa handiena garatu dugulako".

2021-12-01T09:33:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo