Gipuzkoa

Villabonak 196.215 euro jasoko ditu Fleming Herri Eskolan inbertitzeko

Aurkeztu diren lau proiektuetan aurrekontuaren %60ko dirulaguntza ematea onartu du Eusko Jaurlaritzak
Fleming Herri Eskolako eraikina. | ARGAZKIA: N.G.

Eskola publikoaren instalakuntzak eta azpiegiturak hobetzeko Amasa-Villabonako Udalak eskatutako dirulaguntza guztiak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Guztira lau proiektu aurkeztu zituen udalak Udalaguntza dirulaguntza lerrora eta proiektu guztietan aurrekontuaren %60ko dirulaguntza ematea onartu da.

Diruz lagunduko den lehen proiektua izango da Arratzaingo eraikinean galdarak aldatu eta gasa sartzea; bigarrena, Arratzaingo eskoletako erdialdeko patioa estaltzea; hirugarrena, komun egokitu berri bat egitea Arratzaingo eraikineko behe solairuan; eta laugarrena, Arroako eraikinean gelak elkartzeko tabike mugikorrak ezartzea.

Azken urteetan egin den bezala, behin dirulaguntzen ebazpena ezagututa, udal gobernu taldea Fleming Herri Eskolako zuzendaritzarekin bilduko da 2022ko inbertsio-planaren nondik norakoak adosteko; obrak egiteko egutegia, lehentasunen finkapena eta datorren urterako inbertsioen aurreikuspenak.

Udal gobernuak legealdi honetan Fleming Herri Eskolaren eraikin eta instalakuntzak hobetzeko egin den lana azpimarratu nahi izan du: “eskolako zuzendaritzarekin izandako elkarlana oso positiboa izan da eta aurrerantzean ere urtez-urteko inbertsio planekin jarraitzeko konpromisoa dugu”.

29/03/2023