Vital Fundazioak mendian modu erraz eta gidatuan ibiltzen hasi nahi duten pertsonentzat iaz lehen aldiz antolatutako IbilVital programak irteera, helmuga eta jarduera erakargarri gehiago izango ditu aurten. Aurten hamar irteera izango dira (iaz zortzi), eta asteburuetan egingo dira, martxoaren 22tik urriaren 4ra arte.
Antolatzaileek adierazi dutenez, jarduera programa berrituaren bidez, Vital Fundazioak mendi ibilaldiiak, tailerrak eta jolasak uztartu nahi ditu, "parte hartzaileei beren ohiko estres egoeratik ateratzen laguntzeko eta ordu batzuetarako deskonektatzeko".
Zentzu horretan, zehaztu dute irteerak taldeko dinamikak izango direla, horrelako jardueretan espezialista den pertsona batek gidatuak. "Bertan, emozioak, sentimenduak, frustrazioak eta kezkak landuko dira, ondo pasatzeko eta pertsonalki nahiz taldean elkar ezagutzeko", nabarmendu dute.
“ Programa edozein adin edo egoera fisikotako pertsonentzat irisgarria izan dadin diseinatu da ”
Urbina gaina, Jundiz muinoa, Igoroingo sakana, Altubeko ur jauzia, Munaingo haritzak, Saseta Okina, La Muela Korresetik Durruma Kanpezuraino, Mairuelgorreta haitzuloa Gorbea zirkularra, Murgia-Oro-Atxaba, Durakogain mendia eta Gamboralde izango dira irteerak.
EGOERA FISIKOA
Programa edozein adin edo egoera fisikotako pertsonentzat irisgarria izan dadin diseinatu da. Horretarako, ibilbide egingarriak eta zailtasun txikiko edo ertainekoak proposatu dira, lau eta zazpi kilometro artekoak. Ibilbide guztiak dira irisgarriak adimen edo ikusmen desgaitasuna edo mugikortasun urria duten pertsonentzat.
Edozein txangorako izen-ematea zabaik dago jada www.fundacionvital.eus webgunean, eta bost euroko prezioan garraioa eta gida profesionalaren laguntza zerbitzua sartzen dira.
Irteera guztiak ibilbidearen historiarekin edo ezaugarriekin lotutako jarduera batekin osatuko dira. Begiraleen prestakuntzak eta eskarmentuak, gainera, mugikortasun urriko pertsonen parte hartzea ahalbidetuko dute. Kasu horietan, lekuaren erreserba 945 77 68 58 telefonoaren bidez egin behar da. Autobusak 08:30ean aterako dira Gasteizko Arriagako autokarabana aparkalekutik, eta itzulera 14:00etan izango da.