Vital Fundazioak Ikasgela Berdeak ekimenaren hirugarren edizioa jarri du martxan, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lotutako ingurumen hezkuntzako hainbat jarduera eskaintzeko Arabako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleei.
Vital Fundaziotik jakinarazi dutenez, jarduera horietan guztietan lantzen diren gaiek aukera ematen diete ikastetxeei GJH nagusiak lantzeko NBEren 2030 Eskola Agendaren barruan: pobreziaren aurkako borroka, genero berdintasuna, hezkuntza, osasuna, klima aldaketa, planetaren zaintza, hazkunde ekonomiko inklusiboa, hiri eta komunitate jasangarriak, justizia.
Zehazkiago, Ikasgela Berdeak ekimenean lantzen diren GJHak 7.a (Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea), 12.a (Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsua), 13.a (Klima Aldaketa) eta 15.a (Lurreko Ekosistemen Bizitza) dira.
Lantegia hasteko saio teoriko bat egiten da, GJHei buruzko kontzeptua azaltzeko bideo baten bidez; ondoren, edukien xehetasuna jasotzen duen saio didaktikoa dator, ikasgela osoaren parte hartzeaz; azkenik, saio praktikoaren bukatzen da tailerra, talde dinamikakoa, hezkuntza baliabide, kit eta maketa desberdinen bidez.
Parte hartu nahi duten ikastetxeek informazioa jaso nahiz eskaera egin dezakete hurrengo helbide elektroniko honen bidez: actividades@fundacionvital.eus
Ikasgela Berdeak programa 1.975 ikaslerengana eta 159 irakaslerengana iritsi da abian jarri zenetik. Lan metodologia ikastetxeen errealitatera egokitzen joan da hiru urteotan, eta lehen edizioan 14 parte hartzaile izatetik azken edizioan 30 izatera igaro da.
Ikastetxeak Arabako kuadrilla guztietan eta Trebiñun daude: Dulantzi, Amurrio, Araia, Aramaio, Barrundia, Durana, Eltziego, Argantzun, Guardia, Laudio, Maeztu, Langraiz Oka, Rivabellosa, Agurain, Trebiñu, Gasteiz eta Zigoitia. Gehienek esperientzia errepikatzen dute.