Xabier Lete gogoratzeko eta omentzeko Hesia urraturik izenburuko kontzertua izango da igandean, martxoaren 2an, Bilboko Arriaga antzokian, sei musikari, bi abeslari eta Landarbaso Abesbatzaren parte hartzearekin.
Bilboko antzokiko arduradunek azaldu dutenez, Joxan Goikoetxea musikariak Xabier Leteren omenez idatzitako obra da 'Hesia urraturik'. Zehazki, oratorio sinfoniko-koral moduko konposizio bat da, eta Goikoetxea bera akordeoiarekin buru duen musika talde batek interpretatuko du zuzenean.
Goikoetxearekin batera, Xabier de Felipe eta Mikel Ibañez (biolinak), Elur Arrieta eta Gorka Catediano (perkusioa) eta Jon Larraz (biolontxeloa) musikariak ere izango oholtzan. Ahotsez Beñat Egiarte tenorra eta Klara Mendizabal sopranoa arduratuko dira, Iñaki Tolaretxipik zuzenduko duen Landarbaso Abesbatzaren ekarpenarekin.
Arriaga antzokitik adierazi dute obra beraren ganbera bertsioa eskaini zutela jada foyerrean, baina, oraingoan, konposizioa "distira guztiarekin" aurkeztuko dela, hala alderdi instrumentalari nola bokalari dagokienez, agertoki nagusian.
Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenean sortu zuen Hesia urraturik. Ideia musikal horretatik abiatuz, poetaren testu eta melodia sorta zaindu bat berreraiki zuen.
Horrela, oratorioak 13 zati ditu eta "kezka eta zalantza existentzialistak adierazten jakin zuen artista handiaren pentsaera eta imajinario filosofiko-estetikoa gogoratzera eta horretan sakontzera gonbidatuko du".
Kontzertua 19:00etan hasiko da eta sarrerak 10 eta 18 euro artean daude salgai www.teatroarriaga.eus webgunean eta antzokiko txarteldegietan aurretiazko salmenta ordutegian.