Actualidad

Xabier Urrutia: "Merkaturako ateak itxi behar dizkiogu legez kanpoko arrantzari"

Arrantzalea
Xabier Urrutia.

Xabier Urrutiak Legal score tresna garatu du ontzien jarduna goitik behera kontrolatzeko

 Deklaratu gabeko eta arautu gabeko legez kanpoko arrantza arazo itzela da mundu mailan, gehiegizko ustiaketa eragiten duelako itsasoetan eta kalte handia egiten diolako nazioarteko araudia errespetatuz arrantzatzen duen flotari. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundearen arabera, urtean 11-26 milioi tona arrain harrapatzen dira legez kanpo eta produktu horren balioa 10.000-25.000 milioi dolarekoa da. Europan sartzen den arrainaren %15, legez kanpo arrantzatutakoa da. Bermeo World Tuna Capital erakundeak legez kanpoko arrantzari aurre egiteko ideia lehiaketa bat antolatu du eta Xabier Urrutia Egaña izan da irabazlea Legal score izeneko proposamenagaz. Bermeoko Pevasa atunontzien enpresako kide da eta nabarmendu du legez kanpoko arrantzak kalte handia egiten diola sektoreari.

Gaur egun esan daiteke arrantza sektoreak duen arazorik larriena legez kanpoko arrantza dela?

—Zalantzarik gabe. Inolako kontrolik gabe arrantzatutako arrain kopurua oso handia da eta aurre egin behar zaio. Bestela, gure arrantza sektorearen etorkizuna oso iluna izango da. Izan ere, arrain guztia merkatu batera doa eta guk ezin dugu lehiatu inolako araurik bete gabe arrantzatzen duen flotaren arrainarekin. Merkatuak atunaz gaur egun duen pertzepzioa arazoen iturri handi bat da. Atuna erakargarri komerzial bat bihurtzen den momentuan, gutxietsi egiten dugu, eta produktuak balio duen kostuan baino merkeago saldu izanak arazoak dakartza. Giro ilun eta nahasi horreetan, legez kanpoko arrantza ondo mugitzen da. Kontserberak eta flotak elkarrekin lan egin beharko genuke arazo hau gainditzeko, eta epe luzera begira, atunari dagokion balioa eman. Hori lortzen dugun momentuan zailagoa izango da legez kanpoko produktuak merkaturatzea.

Gainera, legez kanpo arrantzatzen duen flotako langileen baldintzak oso txarrak dira eta esklabutza kasuak ere salatu dituzte.

—Lan baldintza txarrak eta legez kanpo arrantza eskutik lotuta doaz. Ontzi horiek legez kanpo arrantza- tzen duten arraina ez dute portuan lehorreratzen, itsasoan beste ontzi batzuetan baino. Horrela, inork ez daki ezer arrain horretaz eta gainera inork ez daki ezer eskifaia osatzen dute marinel horietaz. Kasu askotan, umeak eta presoak egoten dira on- tzi horietan.

Zer da legez kanpoko arrantzaren aurka borrokatzeko aurkeztu duzun Legal score proiektua?

—Check list zabala da eta flota guztian aplikatzen da. Horrela jakin dezakegu, hasteko, zein den ontziaren pabilioia. Hori oso garrantzitsua da, estadua baita ontzi horrek arrantzatzen duena kontrolatzen duena. Horretaz gain, ontziaren gaineko informazio zabala jasoko genuke. Besteak beste, sistema satelitala, lan baldintzak, eskifaia eta abar. Beste alde batetik, arraina non deskargatzen den jakingo genuke eta salmentaren ganeko informazioa ere bai. Azken hau oso garrantzi- tsua da, iruzur asko egoten dira-eta. Informazio hau guztia arraina erosten duen enpresaren esku izango da eta azkenik supermerkatuak argi eta garbi jakingo du zein produktu eskeintzen dion kontsumitzaileari. Horrela, ate guztiak itxiko dizkiogu legez kanpo arrantzatutako produktuari. Merkaturako ateak itxiz gero min handia eragingo diogu legez kanpoko arrantzari.

Euskadin garrantzi handia ematen zaio trazabilitateari eta erosleak jakin dezake zein ontzik arranzatu duen hegaluzea edo antxoa eta non lehorreratu duen.

—Horixe da proiektu honen helburua. Nik uste dut lan handia dagoela egiteko trazabilitatean, atunaren munduan batez ere. Arrain migra- tzailea da, ontzi askok arrantzatzen dute ia munduko itsaso guztietan. Legal score tresna eraginkorra izan daiteke arrainaren eta ontzien gaineko informazio zehatza izateko. Adibidez, gaur egun ohikoa da Txinako armadore batek bere ontziari Sierra Leonako bandera ematea, Pazifikora eramatea bertan arrantzan egitera, deskargak Papua Guinean egitea, arraina Bangkokera eraman, bertan elaboratu, eta azkenik Europako merkatuan saldu. Bide luze horretan hutsune asko daude eta Legal score tresna honek hutsune horiek bete nahi ditu, prozesu guztiaren gaineko informazioa zehatza egon dadin. Zainzuri batzuk erosten ditugunean eta Nafarroakoak diren ala ez jakin nahi dugunean, produktuaren jatorria ikus dezakegu. Atunaren kasuan ez dugu jakiterik nondik datorren. Legez, FAO arrantza eremua bakarrik ipini behar da baina informazio hori ez da argigarria, erosleak ez dakielako bereizten FAOko arrantza eremuen artean. Arraina, atuna barne, Europako Batasunak onartu zuen 2018/775 legeditik kanpo geratu zen, hau da, elikagaien lehen jatorria zehazten duen arauditik. Legal score tresnak kontuan hartzen du gabezia hau eta atunaren lehen jatorria oso ondo aztertzen du.

Arestian esan duzu, Europako arrantza flotaren etorkizuna ilun ikusten duzula legez kanpoko arrantzari aurre egiten ez bazaio. Nola dago sektorea eta nolakoa izan da 2021 urtea?

—Iazko urtea ez da ona izan gure sektorearentzat. Hasteko, pandemiak ez digu lagundu. Beste alde batetik, guretzat oso garrantzitsua da atunaren prezioa nazioarteko merkatuetan. Gure produkzio kostuak oso altuak dira eta gure produktuaren salmenta prezioa ez dugu guk ipin- tzen. Merkatu globalizatu batean lehiatu behar dugu eta merkatu horretan legez kanpo harrapatutako arrainak kalte handia egiten digu, haien kostuak oso baxuak direlako. Horregaitik azpimarratzen dut legez kanpoko arrantzaren aurkako borrokaren garrantzia.

Nongoak dira legez kanpoko arrantza egiten duten ontziak?

Munduko itsasoetan atunaren arrantza kudeatzen duten erakundeek zerrendak osatu dituzte legez kanpo arrantzatzen duten ontziekin eta gehienak Asiakoak dira. Edozeinek ikus dezake ICCAT edo IOTC erakundeen web orrietan. Adibidez, Indiako 700 ontzi kontrolik gabe ari dira arrantzan. Gauza bera esan daiteke, Bangladesh edo Sri Lankari buruz. Eta zer esango dugu Txinako flotari buruz. Ikaragarria da..

Gainera, estatu batzuk uko egiten diote nazioarteko erakundeek atunaren stockak kudeatzeko adostutako arauak betetzeari, ezta?

—Gure sektoretik beti eskatu dugu jokatzeko arauak berberak izatea flota guztientzat. Zoritxarrez errealitateak ez digu hori esaten. Atunaren munduan, Europako flota da arau guztiak betetzen dituen bakarra. Bitartean, beste herrialde batzuetako ontziek nahi dutena, nahi duten moduan eta nahi duten lekuan arrantzatzen dute, nazioarte mailako arauak bete gabe. Azken batean guztion arraina merkatu batera doa eta haiekin lehiatzea oso zaila da guretzat. Onartezina da guk hainbat eta hainbat arau bete behar izatea eta beste batzuk nahi dutena egiteko aukera izatea, jasangarritasuna, trazabilitatea edota marinelen lan baldintzak zaindu barik. Legal score tresna baliagarria izan daiteke legez kanpoko arrantzaren aurka borrokatzeko. Jasangarritasuna neurtzeko parametro bi hartu beharko lirateke kontuan: Karbono arrastoa eta arrasto hidrikoa. Parametro bi horien arabera, Bermeoko atunontzien flota munduko jasangarrienetakoa izango ltzateke. Beste alde batetik legaltasuna eta jasangarritasuna ondo bereiztea eskatuko nioke merkatuari. Ezin gara egon egunero jasangarritasunari buruz hitz egiten, legez kanpoko arrantza %15ekoa dala onartuta. Legez kanpoko arrantzaren arazoa konpondu beharko litzateke jasangarritasunaren bidea ondo jarraitzeko. Jasangarritasuna, merkatuaren edo kontsumitzailearen hautaketa bat da. Legalitatea, gainditu ezin daitekeen marra gorria da.

"Gure sektoretik beti eskatu dugu jokatzeko arauak berberak izatea flota guztientzat"

"Legal score tresna eraginkorra izan daiteke arrainaren eta ontzien gaineko informazio zehatza izateko"

01/03/2022