Gipuzkoa

Xanistebanetan Garmendiko okinek botako dute txupinazoa

Oiartzungo festak abuztuaren 2tik 6ra ospatuko dira Udalak eta elkarteek prestatutako egitarauari esker
Aurreko urte bateko txupinazoa. | ARGAZKIA: N.G.

Oiartzun – Oiartzungo Xanisteban festak ohi bezala, abuztuaren 2tik 6ra ospatuko dira, Oiartzungo Udalak, herriko elkarteen laguntzaz eratu duten egitarauari esker.

Aurten, Jai Batzordeak proposatuta, Garmendi okindegiko okinek, herriko alkatearekin eta Udalbatzako kideekin batera, suziria botako dute. Pixkat lehenago, 19.30ean, Udalbatzako kideek Soka-dantza dantzatuko dute, herriko plazan, Haurtzaro dantza taldearen eta Lartaun txistulari taldearen laguntzaz.

Abuztuaren 3a, Xanisteban eguna izango da eta sokamuturra, meza nagusia eta 45. kontzertu herrikoia izango dira.

Hurrengo egunean, baserritarren eguna ospatuko da eta Oiartzungo produktu ekologikoen azokaz, idi-demaz eta sagardo eta pintxoen lehiaketez eta herri kirolen erakustaldiaz gozatzeko aukera egongo da.

Abuztuaren 5ean, gazteen egunean, bertso jaialdia, gazteen txupinazoa, gazte bazkaria eta pilota partidak, egokitutakoak eta emakumezkoenak, burutuko dira.

Azkenik, hilaren 6an, haurren eguna ospatuko da gaztetxoen danborradarekin, arkume-jatearekin, haur parkearekin eta txokolate-jatearekin.

Amaitzeko, Udaletik jakitera eman dutenez, barraketan prezio bereziak izango dira. Honela bidai batek 1,80 euro balioko du eta bost bidaien bonoak, sei euro. – A. Muga

Etiquetas
31/07/2022