Gipuzkoa

Xanistebanetan hesien zaintzan lana aurkitzeko deialdia egin dute

Izen-ematea uztailaren 11tik 22ra egin beharko da Oiartzungo udaletxeko harreran
Noticias de Gipuzkoa

Oiartzun

– Oiartzungo Udalak atzo jakitera eman zuenez, xanistebanetan hesiak zaintzen lan egin nahi dutenentzako lan-poltsan izena emateko epea irekiko da uztailaren 11tik 22ra bitartean, biak barne.

Hiru dira bete beharreko baldintzak: 18 urte beteta izatea, oiartzuarra izatea eta euskarazko B2 maila edo baliokidea egiaztatzea. Batxiler edo goi-mailako lanbide heziketa ikasketak euskaraz egin dituztenek B2 euskara egiaztagiria eskatu dezakete Eusko Jaurlaritzan. Ziurtagiririk ez dutenek euskara froga egiteko aukera izango dute.

Interesatuek udaletxeko harreran eman behar dute izena eta horretarako NANa aurkeztu beharko da.

Izena eman dutenen artean, zozketa bidez erabakiko da nor-tzuk ariko diren hesien zaintzan lanean. Zozketa publikoa uztailaren 26an, 15.00etan, izango da, udaletxeko areto nagusian. Izena eman dutenek bertan egon beharko dute. – A.M.

06/07/2022