Navarra

Xorroxin Irratiaren ‘Eskola irratia’ ekimenak formatu berria du aurten

30 urte inguru daramatza Xorroxinek eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean, irratia ikastetxeetara hurbilduz
Zigako eskolako ikasle eta irakasleak Xorroxin Irratiaren Elizondoko estudioan.

Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietan bere uhinak hedatzen dituen Xorroxin Irratiak 42 urte beteko ditu heldu den urteko martxoaren 19an.

Lau hamarkada baino gehiago pasa dira gazte batzuek Erratzuko eskolan lehen aldiz irratiaren seinalea martxan jarri zutenetik, eta urte aunitz pasa izanagatik, gauza aunitz aldatu izanagatik, irratiaren hasmentako helburuak bere horretan dirau. Herritik eta herriarendako sorturiko irratiak herriaren zerbitzura jarraitzen du, eta doike, hasmentatik, euskara hutsean jarraitzen du.

Aspaldidanik egonkorturiko egitasmoa da Xorroxin Irratiarena, eta bere ohiko programazioaz gain, urtean zehar bertze hainbat egitasmo ere garatzen ditu, horien artean, urte gehien dituen egitasmoa Eskola irratiarena dela. Duela 30 urte inguru jarri zuen martxan irratiak ekimen hau, irratia ikastetxeetara hurbiltzeko, eta era berean, ikasle, irakasle eta hauen ingurukoak era berean, irratira hurbiltzeko.

Urtez urte, Xorroxin Irratiak, bere unitate mugikorra eskualdeko, eta baita kasu batzuetan ere eskualdez kanpoko, ikastetxe desberdinetara eraman izan du, astebetez tresneria ikasle eta irakasleen esku utziz, hauek, ikastetxean irratigintza tailerrak egiteko.

Denera 30 ikastetxe baino gehiagok parte hartu izan dute eskola irratia egitasmoan. Honela, ikastetxean irratia zer den ezagutu, irratsaioak antolatu eta emititzeko aukera emanez. Martxan egon den urte luzeetan harrera arras ona izan du ekimenak, eta ikastetxeek, beren programazioa antolatzen zuten, antena xume batekin prestaturiko programazioa beren herrikoekin partekatuz. Ikastetxeetan landutako edukiekin programazio propioa garatzen zuten eta irratia barnetik ezagutzeko egiazko aukera baliatzen zuten, kazetari praktikak eginez.

Pandemia ailegatu bezala, dena den, murrizketak tarteko, alde batera gelditu zen eskola irratia egitasmoa. Bai irratiak, eta baita ikastetxeek ere atsekabez hartu zuten etenaldia, hortaz, 2022/2023 ikasturtearekin bat, berriz ere abiatzea erabaki zuen Xorroxin Irratiak, dena den, aspalditik buruan zuen aldaketa batekin, hau da, irratiko tresneria ikastetxeetara eraman beharrean, eta antena ttipi batekin herrian berean egiten zen deskonexioa egin beharrean, ikasle eta irakasleak irratira hurbildu eta irratiaren ohiko frekuentzia erabiliz, eskualde osora ikastetxeen programak hedatzea.

FORMATU BERRIA Pentsatu eta egin. Ikasturte hasmentan irratiak ikastetxeei bere asmoen berri eman zien, eta aunitz izan dira eskola irratiaren formatu berrian parte hartzeko prest agertu diren eskolak. Bakoitzak ikasturtean zehar hobekien datorkion data aukeratu du, eta honela, aukeratutako egun edo egunetan ikastetxe bakoitzeko ikasle eta irakasleak irratira, bai Elizondoko zein Lesakako egoitzetara hurbilduko dira, ikasgelan prestaturiko programazioa zuzenean emateko, eskualde osoaren gozagarri.

Pasa den astean hasi ziren lehenbiziko emisioak, astelehenean Erratzuko eskolakoak izan ziren Elizondoko estudioan, eta ortziralean, berriz, Zigako eskolakoak.

Irratia barnetik ezagutzeaz gain, ikasgeletan egindako lana entzuleekin partekatu zuten batzuk zein bertzeek. Erratzuko ikastetxeko 30etik goiti ikaslek eta Zigako eskolako 8k eskolan egindako lan eskerga erakutsi zuten, eta aski esperientzia ederra suertatu zen, bai protagonistendako eta baita entzuleendako ere.

3 eta 12 urte bitarteko ikasleek parte hartu zuten pasa den asteko emisioetan, eta ederki landutako eduki anitzak eskaini zituzten. Edozein irratitan aurki daitekeen programazioaren parekoa egin zuten ordu batez. Albistegiak, musika tarteak, entzuleek parte hartzeko lehiaketak, kantuak, bertsoak, asmakizunak, errezetak, eta beren eguneroko lanei buruzko azalpenak ere eman zituzten.

Hurrengo astean Tantirumairu ikastolak hartuko du eskola irratiaren lekukoa.

16/12/2022