Datorren asteazkenean, hilaren 14an, XXIV. Txistor-Lehiaketa ospatuko dute Ordizian. Udalak eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin Elkarteak elkarrekin antolaturiko txapelketa da eta Udaletxeko arkupea izango du eszenatoki. Helburua, bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu eta kalitatezko jakiak egiten jarraitzea sustatu nahi da.
Goizeko 10.00etatik aurrera, 50 txistorra egile inguruk parte hartuko dute, gipuzkoarrak gehiengoak; nafarrak, bizkaitarrak eta arabarrak ere izango dira tarteko.
Baina txistorra onak zer du izan behar? Adituen hitzetan, “neurria eta homogeneoa izan behar da, gustu onekoa, txikitua, eta giharra eta koipea erdibana izan behar ditu, beste hainbeste ezaugarrien artean”.
Bestalde, epaimahaikideek produktuaren freskotasunari eta duen itxurari erreparatuko diote; hau da, betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera… Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari kasu egingo diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartagian frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.
Hori guztia kalifikatuko duen epaimahaia ondorengo txistorrazalek eta adituek osatuko dute: Iker Markinez (Kaxola), Xabier Osa (Jakitea Elkartea), Maite Retolaza (Zaraingo Oiharte Sagardotegia), Aitzol Zugasti (aholkulari gastronomikoa eta Basque Culinary Centerreko irakaslea), Eli Belaunzaran (kazetaria), Nuria Perez (kazetaria) eta Eskerne Falcón (gastronomia turismoan aditua). Gainera, lehen aldiz, ordiziar batek parte hartuko du epaimahaian; aukeraketa zozketa bidez egin da eta irabazlea Egoitz Iztueta izan da.
Txistorra hoberena Euskal Herriko txapeldun bilakatuko da eta txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma lortuko dute; epaimahaiak, gainera, beste bost diploma banatuko du.