Buscar
Bizkaia

Zabala kaleko Udaltegia egokitzeko 340.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Udalak

Lanak lau hilabeteko egikaritze-epea izango dute, eta ekainean hastea aurreikusten da
Lanak lau hilabeteko egikaritze-epea izango dute, eta ekainean hastea aurreikusten da

Bilboko Udalak Zabala kaleko 311,02 metro karratuko azalera duen Udaltegiaren kanpoko eta barruko arkitektura-oztopoak kentzeko eta baita gunea egokitzeko obrak egiteko aurrekontu-partida onetsi du asteazken honetan. Zehazki, 346.805,38 euro (BEZa barne) gorde dira aste honetan bertan lizitatuko den proiekturako. Behin hura adjudikatuta eta obrak hasita, lau hilabeteko egikaritze-epea izango du.

Kaletik bertara sartzeko, bost mailako eskailera bat dago fatxada nagusian, eta komunak ez daude egokituta (ate oso txikiak dituzte, eta oso estuak dira).

Beraz, orain planteatutako lanak toki- eta irisgarritasun-arazo horiek konpontzera bideratuta daude.

Zentzu horretan, gurpil-aulki batentzako tokia izango duen igogailu irisgarri bat jarriko dute. Gaur egungo erakusketa-aretoaren bazterrean jarriko da, beheko solairuan, eta eremuari eta egiturari ahalik eta gutxien eraginda egin ahalko da.

Era berean, komunak oso-osorik berrituko dira, altzariak eta estaldurak barne. Proiektuan, emakumeentzako kabina indibidual bat, eta dutxa, komunontzidun kabina bi eta hormako pixatoki bat izango dituen gizonentzako komun bat jasotzen dira. Berritze-lanetan, aldagela egokitua izango duen komun irisgarri bat ere planteatzen da, generorik gabekoa.

Azkenik, eraikinerako sarbide irisgarri berri bat egingo da alboko fatxadan, gaur egungo erakusketa-aretora sartzeko irekigunea moldatuta. Horretarako, % 6ko malda izango duen beheranzko arrapala eraikiko da, espaloiaren eta ate berriaren artean.

Egokitze-lanak egin ahal izateko, Udaltegia itxita egon beharko da obrak egiteko aurreikusitako lau hilabeteetan zehar. Lizitazio- eta kontratazio-denbora aintzat hartuta, asmoa da ekainean, goizenez, zentroa ixtea eta obrak hastea. Horrela eginez gero, gainera, lanak udan egingo dira, alegia, erabiltzaileen kopurua nabarmen jaisten den aldian.

2023-02-16T15:18:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo