Emakumeon Etxea, Malen Etxea, emakume migranteen elkartea, eta mugimendu feminista elkarlanean ari dira Zumaiarako zaintza eredu berri bat asmatzeko asmoarekin. Bertan, Zumaiako herritar eta eragile sozialen artean zaintzen duen herri ereduari buruzko eztabaida sustatu eta garatzea dute helburu.
Nagusienen eta desgaitasunak dituztenen iraupen luzeko zaintzen antolaketan jarriko dute foku nagusia eta, era berean, sistema publiko-komunitarioaz ere hausnartuko dute. Horretarako, egun osoko topaketa antolatu dute larunbat honetarako.
Goizean zaintza lanen inguruko kokapena egingo dute eta beste lekuetako esperientziak ezagutuko dituzte. Arratsaldean, Zumaia, zain-tzen duen herria txostena aurkeztuko dute; azken hilabeteetan herriko zenbait kolektibo eta kide elkarrizketatu ondoren ateratako ondorioak bildu dituzte bertan. Gero, talde dinamika egingo dute, guztien artean zaintzen duen herria irudikatzeko.
Izen-emate epea zabalik dago www.labur.eus/zaintzazumaia webgunean edo Emakumeon Etxean. Gainera, haurtzaindegi eta itzulpen zerbitzua egongo direla azaldu dute eta izena ematean zehaztu beharko dira beharrak.
9.45an hasiko dira harrera eta materialen banaketarekin. Ordu laurden geroago ongi etorria eta aurkezpena egingo dute. 10.15ean Zain-tza lanak erakutsiko dituzte. Hizlaria Matxalen Legarreta Iza izango da, Soziologian Nazioarteko Doktorea da EHUn.
11.45tik 12.15ra Zaintza-ereduari alternatibak erakutsiko dituzte eta hizlaria Ana García Mendoza izango da (Fundación Pilares para la autonomía Personal). 12.45ean Zestoa, zaintzen duen herria. Zainketen antolaketa sozialerako proiektua erakutsiko dute. Hizlaria, Xanti Ugarte izango da, 3Z Zahartzaroa Zestoan Zainduz elkartetik.
Arratsaldeko partean, 15.30ean Zumaia, zaintzen duen herria proiektuaren aurkezpena egingo dute. Horretan, Silvia Carrizo arituko da. 16.00etatik aurrera Nolakoa da zaintzen duen Zumaia? talde dinamika egingo dute, Farapi Kooperatibaren eskutik.
Egunarekin amaitzeko, 18.00etatik 18.45era ondorioak aterako dituzte eta ordu laurden beranduago egun osoa iraungo duen jardunaldia amaituko da.