zarautz – Ekaitz Goikoetxea beasaindarraren Mingarri den bitartean izenburua duen bertso-sortak jaso du Basarri Bertsopaper txapelketako saria.
Motxian-Etxebeltz Bertsogunean antolatutako Zarauzko Bertso Astearen baitan eman dute aurtengo irabazlearen berri. Zehazki, ostiral gauean ospatu zen bertso musikatuen ekitaldian. Xabier Txurruka alkateak jantzi zion txapela eta Zinema pilotalekura gerturatu ziren herritarrek, gainera, Goikoetxearen ahotik entzun zuten sorta irabazlea.
Aurtengo edizio honetan hamabost parte-hartzaile izan dira, guztira eta Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta Haritz Mujikak osatutako epaimahaiak hitzartu du irabazlea.
Badu ibilaldia Goikoetxeak sariketa honetan. Izan ere, behin baino gehiagotan aurkeztu da eta lortu ere egin du txapela etxera eramatea. Oraingo honetan aurkeztutako lanarekin 1.800 euroko saria jaso du.
37 urtez jarraian Zarauzko herria bertsolarien sehaska eta iturri izan da urte askotan, eta arrazoibide horretatik, Basarri Bertsopaper lehiaketa antolatzen jarraitzen du Udalak, haiek hasitako ahozko zein paperezko kultur emariari bide egin nahian.
37. edizioa izan da aurtengoa, eta urte hauetan guztietan jorratutako helburu berak ardatz izan dituzte: euskara eta bertsolaritza sustatzea eta euskal sormenean eragitea.