zarautz – Bixente Martinez Oskorri taldeko gitarra-jotzaile ohiak lehen bakarkako lana aurkeztu berri du hilabete honetan. Txoria buruan eta ibili munduan izenburupean plazaratu du eta Zarauzko bizilaguna den aldetik, zuzeneko aurkezpena egingo du gaur, Modelo aretoan, 20.00etan.
Bigarren emanaldia izango da gaurkoa. Izan ere, Getxoko Muxikebarri Zentroan egon ondoren iritsiko da Zarautzera. Dena den, Zarauzko hitzordua bi bider berezia bilakatuko da. Artista bertan bizitzeaz gain, herriko estudioan grabatu baititu hamalau abestiak. Esklusibotasun alde horretatik, musikaria Haatik Dan-tza Konpainiako Leire Romero eta Aimar Odriozola dantzariekin batera arituko da Modeloko oholtza gainean.
Diskoaren filosofiari jarraituz, bestalde, gitarra ezberdinak erabili ditu artistak, akustikoak eta elektrikoak, baita loopak eta bestelako efektu ezberdinak ere nahastuko ditu.
Gaurko ikuskizunaz gozatu nahi duten herritarrek, sarrerak tickets.kutxabank.es webgunean eskuratu ahal izango ditu edo bestela, ikuskizuna hasi baino ordu bat lehenago Modelo aretoko leihatilan. Kasu guztietan, sei euroko kostua izango du sarrerak.
Zarauzko emanaldiaren ondoren, lana lau haizetara zabaltzea espero du. Izan ere, prestatutako formatuak "espazio askotan" egiteko aukera ematen du. Momentuz, "gogoz" hartu du oholtza gainera igotzeko erronka, baina bakarrik egiteak "beldur" pixka bat sortzen diola aitortu du artistak.
oskorriren doinuak Oskorriren errepertoriotik ateratako kantuekin osatu du diskoa eta Martinezek azaldu duenez ideia, "2020ko itxialdi gogorreko egunetan" sortu zitzaion: "Garai horietan gitarra hartu eta aire eta doinu ezberdinekin jolasten hasi nintzen, eta modu naturalen kantu hauek heldu ziren nire eskuetara, apur bat kasualitatez", esan du.
Hala, Oskorriren kantuei bizi berri bat emanez, Aita semeak, Ostatuko neskatxaren koplak edo Gu gaituzu Oskorri entzuteko aukera izango da, baita ere haurrei zuzendutako Atxuri Beltza eta Txalopin Txalo.
Txoria buruan eta ibili munduan diskoan Jean Phocasen laguntza eduki du eta azken masterizazioa, Victor Sanchezek burutu du. Argitalpena, berriz, Elkar disketxearen zigilupean egin du.
Sarrerak eskuragarri daude tickets.kutxabank.es webgunean edo Modeloko leihatilan, ekitaldia hasi baino ordu bat lehenago