Gipuzkoa

Zarautz | San Pelaio jaiak bertan behera utzi ditu Zarautzek

Pasa den urtean ospatu zen danborrada sinbolikoa.

zarautz – Irudi hau ez da errepikatuko aurten. San Pelaio egunerako hilabete eskas gelditzen denean Xabier Txurruka alkateak iragarri du ez direla San Pelaio jaiak ospatuko Zarautzen. "Iaz ezin izan genituen Sanpelaioak nahi bezala antolatu, baina ekitaldi xume bat prestatu genuen gauerdian zaindariaren eguna ospatzeko. Aurten, iragarri nahi dizuet, ezinezkoa dela festak nahi bezala, ekitaldiekin, antolatzea", azaldu zuen atzo alkateak udalbatzar aretoan egin zuen agerraldian.

Gaur egungo pandemia-egoerak eraman die erabaki hori hartzera. Intzidentzia tasa behera doan arren, covid-19ak "gogor jo du Zarautz", batez ere, Aste Santuaren ondoren. Gainera, joan den udan jazotakoaz "ikasi behar dugu". Hainbat ospakizun eta festa medio, "kutsatze tasak goraka egin" baitzuen. Gertatutakoa berriz ez errepikatzeko, Zarauzko Udaletik argi utzi nahi dute ez dutela inongo ekitaldirik antolatuko Sanpelaioetan. "Pena handiz" hartu dute erabakia, baina "zuhurtziaz jokatzen jarraitzea beharrezkoa" da garai hauetan.

egitarau zabala Jaiak ospatuko ez diren arren, horrek ez du esan nahi udan zehar ez denik ekitaldirik antolatuko. Izan ere, Jaiak eta Ekitaldiak, Kultura eta Kiroletako departamentuetatik lanean ari dira "gustu guztietarako egitarau aberats eta zabal" bat osatzeko. Hala, uztailaren 23an hasita, eta bost ostiraletan zehar, kontzertuak izango dira Lizardi Kirol areto berrian. Momentuz ez dute ezer asko aurreratu nahi izan horren inguruan. Hori bai, Izarok irekiko du kontzertu zikloa.

Segurtasun neurri guztiak beteko dira bertan, baita aforoarenak ere. Hala, ia 300 pertsona hartuko ditu eremuak. Kontzertu horietarako sarrerak, bestalde, erosi egin beharko dira, baina "prezio sinbolikoa" izango dute.

27/05/2021