Gaur Zarauzko plaieroetako zortzigarren jardunaldia jokatuko da eta hori baino lehenago kamiseta berria aurkeztuko dute 13.30ean.
Ander Epelde izan zen plaieroetako kamisetaren lehiaketaren irabazlea eta diseinatzaileak gaur jasoko du saria: 150 euro.
Oraindik kamiseta aurkeztu ez duten arren, 350 kamiseta baino gehiago saldu dituztela esan dute antolatzaileek. Hondartzako Futbol Txapelketako talde parte-hartzaileen artean egin dituzte salmenta gehienak.
Gauzak horrela, bertan jasoko dituzte 14.30ean hasiko den zortzigarren jardunaldiaren aurretik. “Talde bakoitzeko pertsona batek jasoko ditu kamiseta guztiak (poltsa batean emango dizkiegu) eta batera ordainduko dituzte eskudirutan poltsa jasotzeko unean”, jakinarazi dute.
Tailarekin arazorik egonez gero, aldatzeko aukera izango da behin partidak amaituta. Hala ere, “pazientzia” eskatu dute.
Arratsaldean elektrotxaranga egongo da 18.00etatik aurrera Musika plazatik abiatuta eta bertara joaten direnei “kamiseta berria eramatea eskatu nahi genuke, herrian ezagutzera emateko”, eskatu dute.