Bizikleta garraiobide iraunkorra eta osasungarria da, bai herritarrarentzat bai ingurumenarentzat. Eta bere erabilera bultzatzeko asmoz, Kanpezun ekimen berri bat jarri dute abian herritarrak garraiobide gisa erabiltzera bultzatzeko eta animatzeko.
Hala, eta ildo beretik, Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak datorren igandean, hilak 26, Araba bizikletaz kanpainaren bosgarren jardunaldia egingo du Kanpezun, herritarrek lantokirako edo ikastetxerako joan-etorri laburrak bizikletaz egin ditzaten sustatzeko. Jardunaldia udal pilotalekuan izango da, goizeko hamarrak eta arratsaldeko ordu biak bitartean, eta jarduera programan bizikleta ginkana, oinarrizko azterketa egiteko tailer mekanikoa, umeek margotzeko txokoa eta bizikleta elektrikoak probatzeko aukera izango da, bai eta Arabako Bizikleta Bideen Sarearen proiektuari buruzko informazioa ere, eta, zehatzago, Gasteiz eta Arabako Parke Teknologikoa lotuko dituen bizikleta bideari buruzkoa. Carlos Ibarlucea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, Araba Bizikletaz kanpainak “lantokirako edo ikastetxerako eguneroko joan-etorriak bizikletaz egiteari buruzko mezu positibo bat eramango du Arabako eskualde guztietara, eta herritarrak sentsibilizatuko ditu garraiobide horrek ingurumenerako, osasunerako eta etxeko ekonomiarako dituen abantailez”. Eta gaineratu du: "Bizikletaz mugitzea onuragarria da osasunerako eta ongizate fisiko, mental eta sozialerako, eta edonoren eskura dago, edozein dela ere ingurunea, generoa, adina, diru sarrerak, hezkuntza, talde etnikoa edo beste edozein ezaugarri”.