Zein dira herritarrek gehien erreklamatzen dituzten zerbitzuak? Zein dira Kontsumobideri egiten zaizkion erreklamazio ohikoenak? Gaur, Eusko Jaurlaritzak Kontsumobiden egindako erreklamazioen balantzea egin du: Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Kontsumobideren 2022ko jardueraren balantzearen memoria aurkeztu du gaur Kontsumobideko zuzendari Laura Alzolarekin batera.
Kontsumobideren memoriaren datu nabarmenei dagokienez, erreklamazioen online tramitazioak gora egin duela egiaztatu da (% 9 baino ez zen 2019an). 2022an, berriz, % 50,5ekoa da eta, lehen aldiz, Kontsumobiden aurkeztutako erreklamazio, kexa eta salaketen erdia baino gehiago modu telematikoan erregistratu dira “oraindik ere ezinbestekoa den arreta presentzialaren osagarri gisa”.
Hala, datuei dagokionez, 2022an igo egin dira erreklamazioak: 28.645 guztira. "Telefonia da erreklamazio gehien jasotzen duen sektorea, nahiz eta % 20 jaitsi den. Bigarren postuan energia-, ur- eta bestelako hornidura-zerbitzuetako erreklamazioak daude: % 89 hazi dira (erreklamazio guztien % 13). Arrazoi horregatik egindako kontsultak ere % 67 handitu dira", azaldu du sailburuak.
Ildo horretan, Kontsumobidek ahalegin handia egin du elektrizitatearen fakturei eta beste zerbitzu batzuei buruzko zalantza guztiak argitzeko, ez bakarrik kontsultei eta erreklamazioei erantzuteari dagokionez, baita prestakuntza-arloko informazio-material eta formatu berriei dagokienez ere. “Prestakuntza baita modu kontzientean eta arduratsuan kontsumituko duen gizartea eraikitzeko oinarrietako bat. Pandemia iritsi zenetik, prestakuntza-eredua bideratzea erabaki zen, modalitate berriak kontuan hartuta. Modalitate horiek online espazio gehiago sartzeaz gain, prestakuntza presentziala ere indartu eta hobetu nahi zuten, gure publiko xedea identifikatuz eta bideratuz”.