Buscar
Bizkaia

Zelaieta Zentroak hiru erakusketa hartuko ditu martxoan

'Mercedes, bakardade ikusezina' obra.
'Mercedes, bakardade ikusezina' obra.

Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak hiru erakusketa desberdin izango ditu ikusgai martxoan. 'Mercedes, bakardade ikusezina' (martxoaren 1etik 31ra), 'Azukrearen garratza' (martxoaren 1etik 31ra) eta 'Kaligrama' (martxoaren 13tik 30era) izango dira erakusketa horiek.

Hiru erakusketetako bik, egungo gizarteko gai konplexuak azaleratu nahi dituzte: bakardadea bata eta ezkutuko amatasuna bestea. Hirugarrenak, aldiz, ikuslea goxatzeko balioko du, kaligramen bitartez.

'Mercedes, bakardade ikusezina', bakardadearen inguruko kontzientziazio erakusketa

Erakusketa hau Zelaietako harrera hall-ean egongo da ikusgai martxoaren 1etik 31ra bitartean. BBK Fundazioak bultzatuta, erakusketa honek bakardadea du oinarri eta, hain zuzen, gizarte arazo hau ikusarazi eta honen inguruko kontzientzia piztea du helburu.

Mercedes 89 urteko emakumea da, bakarrik dago, serio, burumakur eta banku batean eserita. Bere erlojuan ez dira orduak pasatzen… Mercedes, Ruben Orozco mexikarraren eskultura hiperrealista da, bakardadean hildako azken pertsona. Izan ere, aukeratzen ez dugun bakardadea errealitate bat da egungo gizartean eta min handia egiten dio pairatzen duen pertsonari. Horregatik, erakusketa honen bitartez, BBK Fundazioak gizartearekiko konpromisoari heltzen dio eta bakardadearen aurrean gure adinekoak eta adinekoak ez direnak ere babesteko kontzientziazio kanpaina hau bultatzen du.

 ‘Azukrearen garratza’, amatasun errealaren erakusleiho

Bigarren argazki erakusketa hau Zelaietako erakusketa gelan egongo da ikusgai, aurrekoa bezala, martxoaren 1etik 31ra bitartean. Iñaki Mendizabalen argazki bilduma honek amatasunari egiten dio erreferentzia, amatasunaren alderdi ezkutuei, hain zuzen. Izan ere, gizarteak amatasuna idilikoa den zerbait bezala ezagutarazten badu ere, amatasuna ez da kontatzen den bezalakoa. Amatasunaren bertsio ofiziala baino ez da jasotzen duguna eta amatasuna, familia-albumetako argazkietan islatzen denaz haratago, kontu askoz ere konplexu, delikatu eta gorabeheratsua da. Eta hain zuzen, isilpeko edo ezkutuko amatasun hori da, gaur egun ezezaguna dena eta Iñaki Mendizabalek, bere lanaren bitartez, gizarteari erakutsi eta zabaldu nahi diona.

‘Kaligrama’, liburutegiak antolatutako lehiaketan aurkeztutako lanen erakusketa

Zer da kaligrama bat? Letra eta hitzen elkartze bereziei esker gaia marrazten edo irudikatzen duten olerkiak dira kaligramak eta liburutegiak antolatutako lehiaketa honetarako abestiak aukeratu dira, guztiak euskaraz. Lehiaketaren arau bakarra da abesti horien letrak soilik erabiltzea kaligramak sortzeko. Erakusketa hau ikusgai egongo da martxoaren 13tik 30era Zelaietako lehen solairuan.

2023-03-02T05:03:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo