Osakidetzak kanpaina bat abiarazi berri du herritarrak animatzeko adieraz dezaten zein hizkuntzatan izan nahi duten harremana profesionalekin edo komunikazioak jasotzeko. Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2022-2028 Hirugarren Planean jasotako konpromisoetako bat da.
Gaur egun, lehentasunezko hizkuntza erregistratu duten pertsona guztietatik (1.764.174) (erabiltzaileen % 77) % 19 inguruk adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko Hirugarren Plana iaz onartu zen, eta 2028ra arte egongo da indarrean. Planak euskararen erabilera sustatzeko neurriak ezartzen ditu, eta Osakidetza osatzen duten zerbitzu-erakunde guztietan aplikatu beharko dira. Planak jarraipena ematen dio 2003an Osakidetzan hasitako euskararen normalizazio-prozesuari, eta haren helburuak eta ekintzak hiru eremutan egokitzen ditu: euskararen inguruko egungo egoera eta datuak, Osakidetzako asistentzia-maila desberdinak eta planean bertan zehaztutako lehentasun-maila.
Plan honen helburu nagusietako bat da "Euskadiko herritar guztiek adieraztea zein den haien lehentasunezko hizkuntza Osakidetzarekin harremanetan jartzeko". Ildo horretan, Osasun Karpeta berria da hizkuntza erregistratzeko tresnarik "errazena" eta "azkarren"a eta, beraz, Osakidetzak erabiltzaileei dei egiten die hizkuntza-erregistroa formalizatzeko erabil dezaten. Hala, "Osakidetzarekin komunikatzeko lehentasunezko hizkuntza erraz eta modu seguru batean aukera daiteke aukerak/hizkuntza-aldaketa menuaren bidez. Beste aukera bat da hizkuntza osasun-zentroan bertan erregistratzea", ondorioztatu dute Osakidetzatik.