Gaur, astelehena, haizeak hegoaldetik joko du berriro eta horren ondorioz Kantauri isurialdean tenperatura maximoek gora egingo dute nabarmen; bertan giroa udaberri itxurakoa izango da. Mediterraneo isurialdeko altuenak ere gradu pare bat igo daitezke. Goizean goiz lainoa sortu da Arabako zenbait tokitan eta goizean ipar partean "han-hemenka behe-hodei batzuk agertuko dira, kostaldetik hurbil batez ere, baina eguerdirako hodeiek desagertzera egingo dute eta arratsaldea eguzkitsua izango da denean, arratsalde-gau partean erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin", azaldu dute Euskalmet Euskal Metereologia Agentziatik.
Bihar zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, egunaren lehenengo partean erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Arratsalde-gau partean noizbehinka zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu. Hego-osagaiko haize ahula ibiliko da, bolada gogorrekin; egunaren bigarren partean mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuz joango da, kostaldetik hasita, eta indarra galdu egingo du. "Kantauri isurialdean tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira, Arabako hegoaldean aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Arabako zenbait lekutan izotz txikia egiteko probabilitatea txikia da", azaldu dutenez.
Azkenik, asteazkenean, zerua berriro ere oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du, noizbehinka ertaina, sarriago eta ugariago gauean eta Kantauri isurialdean. "Mendebal-osagaiko haize ahula ibiliko da; egunaren erdiko orduetan iparraldera edo ipar-mendebaldera aldatu eta indartu egingo da, bolada gogorrekin gauean". Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira.