Actualidad

Zer programazio dago aste honetan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko?

Euskal Herriko Unibertsitateak programa zabala prestatu du gaur ospatu den Eguna aste osoan ospatzeko
Un grupo de mujeres en una manifestación por el 8-M.

Emakumeen nazioarteko eguna ospatzeko, unibertsitateak jarduera ugari egingo ditu aste honetan hiru campusetako zentroetan. Horrela, zientziaren hainbat adarretan genero-ikuspegia duten lan akademikoak eta jardunaldiak aurkezteaz gain, argazki-erakusketak, ikus-entzunezko aurkezpenak eta musika- eta antzerki-emanaldiak egingo dira, guztiak leitmotiv bakar batekin, emakumeak eta berrikuntza. “Era berean, ikastegi batzuek errebindikazioaren alde egin dute, morea kolore adierazgarri gisa erabiliz eta ikastegiak, eremu komunak eta bulegoak zeinu bereizgarri bereziekin apainduz”, Elena Leiñena Berdintasunerako zuzendariak adierazi duenez. Programa osoa helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.ehu.eus/eu/web/berdintasuna-direccionparalaigualdad/8-marzo-2023-dia-internacional-de-las-mujeres.

Hala, eta ildo beretik, Mundu digital inklusibo baten alde: Berrikuntza eta teknologia genero berdintasunerako lelopean, Euskal Herriko Unibertsitateak emakumeen nazioarteko eguna ospatu du gaur. Elena Leiñena Berdintasunerako zuzendariak azaldu duenez, “NBEren goiburua. Bereziki, hezkuntzaren arloan ardurak ditugunoi interpelatzen digu. Unibertsitatea funtsezkoa da gizarte bidezkoago eta berdinzaleagoa eraikitzea ahalbidetuko duen garapen teknologikorako, eremu digitalean eta Adimen Artifizialaren garapenean genero-joerak ezabatuz, teknologiaren ezagutza eta sarbidea zabalduko dituen pentsamendu kritiko batetik abiatuta”.

“Gai izan behar dugu genero-estereotipoek pertsonen prestakuntzari eta lanbideari edo garapen integralari buruzko hautaketetan eragotz ez dezaten”, gehitu du Leiñenak Helburu horrekin UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzan antolatzen diren ikastaroetan mila pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte joan den ikasturtean, ikasleen, administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasle eta ikertzaileen artean. STEAM Batzordea ere jarri da abian, irakaskuntza- eta ikerketa-taldeak jakintza-arlo horietan genero-joerak ezabatzeko egiten ari diren jarduerak koordinatzeko eta harmonizatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, unibertsitatearen 2022-2025 Plan Estrategiko berriak genero-berdintasunaren arloan ezarri dituen bi helburu nagusietako bat.

Bigarrena, Berdintasunerako zuzendariaren hitzetan, emakumeen lidergoa sustatzea da, bai unibertsitate-eremuan, bai gizartean oro har. “Unibertsitate-kudeaketan, gobernu-taldea paritarioa da, eta emakumezko errektore batek zuzentzen du bigarren aldiz jarraian; hori da Espainiako estatuko unibertsitate batean gertatzen den lehen aldia. Gure zentroak (fakultateak eta eskolak) emakumeek zuzentzen dituzte, % 42,11ko proportzioan. Beraz, oraindik badago hobetzeko tarterik, baina dekanordeetan eta zuzendariordetzetan emakumeak % 53,68 dira. Gure unibertsitateak 2011. urtean ezarri zituen ordezkaritza-organoetarako kremailera-zerrendak. Eta aurten, beste urrats bat eman dugu Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailean onartu zuen hauteskunde-araudi orokorraren erreformarekin, kandidaturak aurkezteko sistema aldatu baitu, bai eta kide anitzeko organoetako ordezkarien esleipenarena ere, horietan emakumeen gutxieneko ehuneko bat egotea bermatzeko helburuarekin".

09/03/2023