Bildu dira bi artistak eta kazetaria aurrez adostutako leku eta orduan. Argazkiak egin bitartean, protagonistek, senar-emazte direlako txisteak egiten dituzte. Haietako batek iragarri du ez dutela gauza asko kontatzeko. Spoiler: EZ. Eta mahaira eseri dira denak. Eider Adeletx (Pasaia, 1995) eta Ane Zubeldia (Hondarribia, 1994) Mejillon tigre konpainiako kideek sortutako 'Hitz esana' aitzakia, poesiaz, erreferenteez eta Spoken word-ez aritu dira. Arratsalde horretarako egonaldiak antolatu dituzte eta azken lanak egiten dituzten bitartean erantzun dituzte galderak.
Spoken... zer?
Hitz esana. Ingelesezko spoken word diziplinaren euskarazko itzulpena egin dute Mejillontigrekoek. Sartu koktelera baten barruan: poesia, dramatizazioa, gai sozialak eta politikoak, entzuleak, emozioa, detaileak, erritmoa eta intentsitatea. Horien guztien baturak egiten du spoken word-ek zentzua izan dezaten.
Poesia modalitate bat da, beraz, ahoz gora irakurtzeko egiten dena. Are gehiago zehaztu nahi izan du Adeletxek: "Zentzua dauka ozen irakurtzen bada", entzuleak behar dituelako poetak. Ohiko idatzizko poesiak, berriz, ez du ezinbestean irakurlerik behar -zintzoak izanik, poetak nahi izaten dituela aitortu badute ere-. Dramatizazioak laguntzen du sarri, baina antzerkitik bereizten du nork esaten duen. "Hitz egiten duen pertsonak ez dira pertsonaia, sortu ditzake pertsonaiak, baina bere gorputzetik hitz egiten du", azaldu du Zubeldiak, eta hala gehitu du: "Ez da beste pertsona bat habitatzen".
Baina kontrapuntua horri ahots sozialak jartzen diola azaldu dute. Izan ere, poemek gai sozialak eta politikoak izaten dituzte maiz. Bat mintzo da, bere istorioa edo gogoetak kontatzen, baina beste asko egon daitezke bat horren atzean. Entzulea erakartzeko gainera, irudiak sortu beharra dagoela kontatu dute, eta horietan murgiltzeko detaileak behar direla. "Adibidez, zure familiako gertakizun bat kontatu nahi baduzu, mahaiaren ingurukoak xehetasunez azaldu behar dira edota mahaiaren gainean zer dagoen esan behar duzu". Eta bestalde, ahotsaren modulazioak intentsitateari laguntzen diola esan dute, intentsitatea baita elementu ia berebizikoa: "Nabaritzen da sortzen ari zarela gero eta intentsitate handiagoa duen zerbait, goia jotzen duen arte". Klimax baten parekoa edo, literarioa jakina.
Mejiloiaren oskolpean
Aurretik elkarrekin aritutakoak dira Adeletx eta Zubeldia. Tandemean ari dira 2016az geroztik. Orduan Autobiographical ikuskizuna taularatzen zuten. Hitz esana estreinatu berriaren oinarriak, nolabait, handik datozela azaldu dute. Idazteko estiloaren bilaketan, erosoa zaien moldea topatu dute urteotan: "Topatu dugu ahots bat asko balio diguna", esan du pasaitarrak, eta Hondarribikoak, aldiz, gehitu: "Ikusiak nituen horrelakoak ingelesez, eta orain atzera begira esaten dut: Eiderrek eta biok hori bera egiten genuen Autobiographicalen". Laburbilduz, haiek moduak topatu dituzte, eta moduak haiek ere bai.
Mejillon Tigre da garai bateko Perez eta Garciaren sinadura berria. Bakoitzaren amonak utzitako abizena hartu dute orain abizen artistiko, eta gainera, bikotearen aurkezpen karta modura, konpainia-edo. Kolektibo "zahar-berri" gisa definitzen dute. Zaharra, lehenagotik ere egon bazegoelako. Berria, berriz, orain hasi direlako sona eman nahian izen horri. Esan dutenez, profesionalizatzeko modu bat ere bada, gauzak serioago egiteko edo. Eta lan munduak jada "masaileko" ederra eman dien arren, sormen munduarekiko errealistago izateko ere balio izan die urteetako esperientziak: "Modu indibidualean aurkeztea zailagoa eta deserosoagoa da niretzat", esan du Zubeldiak. "Zu zara, baina hitz baten atzean babesten zara edo indarra ematen dizu", erantsi Adeletxek. Poesiari edota hitz esanari behar duen lekua eman diezaion ere bai baliatzen dute: "Ni ez nago jada elektrotxaranga baten ondoan jotzeko moduan. Ez gara izango bi tipa bere idatziak irakurtzen". Gogora ekarri dute aurreko emankizunaren azken saioa, zeinetan baldintzak ez baitziren onenak izan.
Amonek egin ohi duten fritoaren izenak, halaber, iradoki ditzakeenak ere bere egiten dituzte artistek, izan ere, umorea eta irudi bat proposatzen dituzte, era argiegian ez bada ere. Hain zuzen, horrekin jolastu asmoz.
Poesia deseraiki
"Guk poesia maite dugu baina esaten diegunean lagunei poema-irakurraldi batera goazela...", ufaka jarri dira biak. Poesiak baitu fama hori... aspergarriarena. Ohiko errezitaldiak igande arratsalde baterako plan lasaia izan daitezkeela iradoki dute barre artean. Haiek, ordea, poesia "punkya" zen nahi zutena. Argi utzi nahi dute ez daudela betikoaren kontra, baina alternatiba bat behar zuten: "Gu ez gara hor ikusten". Eta gehitu dute metapoesiari ere eskaintzen diotela tarterik Hitz esana-n: "Ikuskizunean esaten dugu: Zergatik betetzen dituzte estadioak musikariek eta ez poetek?". Ikusleak gogoeta egitea baita, hain justu, helburuetako bat. Poesia eta poesiarekiko ikuskera aldatzea finean.
Hilaren hasieran egin zuten lehen jendaurrekoa. Bilboko Euskararen Etxeak ematen duen Hi(zki)bridoak deialdiko irabazle izendatu zituzten iaz, bikoteak aurkeztutako proiektuarekin -aitortu duten arren, hasierako ideiak ez duela eskainitakoarekin zerikusirik-. "Funtzionatzen du. Lehen emanaldia eta gero esan genuen, hau da nahi duguna". Pozik dira, haiek asebete ez ezik, ikusleak "afektatuta" ateratzea ere bazelako asmoetako bat: "Barre pila bat egin zuten. Batzuk shockeatuta ere geratu ziren... Sortu genuen zerbait guri asko interesatzen zaiguna".
Izarren pareko
Euskaraz eta modalitate horren izenpean lehena da bikotea. Egon, ordea, uste dute badela aurrekaririk: Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua, Formol Laborategiaren Album antzezlaneko hainbat pasarte, Emakume Abertzaleen Batzak egiten zituen poema "mitineroak"… Ordea, beste hizkuntza batzuetara jo izan dute halako erreferenteen bila: Michèle Lalonderen 'Speak white', edo June Jordanen 'Poem about my rights'. Adibide bi baino ez, askoren artean. "Ez da performance bat", azpimarratu dute. Baina nolabaiteko kutsuak hartu dizkiete beste batzuei, Marina Abramovich edo Lucía Goñi artistei esaterako, beren hitz esanezkoa taularatzeko.
Lan propioekin osatu dute ikuskizuna. Etxeari, gorputzari, erasoei hitzak jarri eta esaten dizkiete. Esan gabe doan eta guztiaren gainean dagoen "gizarte hetero-patriarkal-kapitalista" bera ere ageri da, zeharka. Idazleen esanetan, prozesuan zehar buelta asko eman dituzte. Hainbeste, hasierako puntura heldu baitziren amaieran. "Ez zitzaigun efektiboa iruditzen beste ikuskizunean bezala mezu zuzenak ematea", esan du Ane Zubeldiak. Eta Eider Adeletxek segitu du esanez, euskal literaturaren oinordetza aztertzen hasi zirela, horrekin tematuta. Erreferentziak han-hemendik hartuta. Eta hasierako asmoa hori egitea ez zen arren, oinordetzaren inguruko eta erreferenteen inguruko aipamenak ere egiten dituzte.
Formatuari dagokionez, kontzertu baten moduan planteatzen dute, hau da, musika-bandek nola, haiek ere setlist bat egiten dute. "Ez da ikuskizun zurrun bat", esan du Pasaiakoak. "Rock izarrak gara" hondarribiarrak. Azaldu dutenez, horrek lasaitasuna ematen die poemak ez daitezen izan propioki koherenteak haien artean. Eta nola ez, makilatzeko baita "brilli-brilli"-tan blaitzeko ere probesten dute oholtzako aukera. "Musikariek azaltzen dute: Kantu hau idatzi nuen ez dakit noiz... edo Eskaini nahi diet hurrengo kanta nire lagunei... ". Kantuen ordez, poemak eskaintzen dituzte mejiloiek, aukera izateko publikoarekin ere interakzioan egoteko.
Olagarroarena
"Multi-tasking-aren printzesak gara". Hala dabiltza biak ala biak, olagarroen pare, zortzi beso balituzte bezala hara-hona, eta honekin zein bestearekin. Hitz esana ez da eskuartean duten lan bakarra. Sortzaile -gazte- munduan ohikoa izaten denez, ez da aski izaten proiektu bakarrarekin aurre egin ahal izatea gastuei. Adeletxek berriki aurkeztu du Iban Ilarramendi marrazkilariarekin batera Kiratsa (Elkar, 2022) haurrentzako bilduma. Bertsolari Txapelketa Nagusian buru belarri dabil ETBko Hitzetik Hortzera saioarekin. Eta gainera, eskolak ematen ditu Errenteriako Herri Arte Eskolan.
Bere aldetik, Zubeldiak bere "haurra" ere aurkeztu du orain dela gutxi: Maskulinitateak. Hilabeteak eman ditu R. W. Conellen liburua euskaratzen. Itzultzailea da lanbidez, eta literatur lanak ez diren arren sarrienak, estimatuenak bai badirela onartu du. Eskafandra bildumarako egin du lan hori, Elkar eta Jakin argitaletxeek duten feminismo-ekimenerako.
Ahozko adierazpenen inguruko egonaldia prestatzen utzi ditu kazetariak. Alboan adi-adi entzuten egon den hirugarren antolatzailearekin. "Inbidia ederra eman didazue, hau ez zenidaten hain detailatuta azaldu!", esan die. Hurrengo emanaldiez galdetu, eta lasai hartzen ari direla erantzun idazleek. "Poesiak dituen zita bereziei begiratzen diegu gertutik", azaldu dute. Gainerakoan ere, prest dira deitzen dieten lekura joateko, eta ikusleengan poesiaren inguruko beste dimentsio bat sortzeko.