Buscar
Cultura

Zergatik maite dugu musika?

Musika deitzen dugun soinuen antolakuntza bitxi horrek gugan eragiten duenaren bila
Fred Again, lagunen audio eta sare sozialetako storietatik abiatuta musika egiten.
Fred Again, lagunen audio eta sare sozialetako storietatik abiatuta musika egiten.

Aro aldaketek beti dakarte malenkonia puntu bat, saihestezina da. Urtea amaitu eta malko eta hasperenak etortzen zaizkigu bizi izan duguna gogoratzean, eta etorriko denaren esperoan. Musika maite dugunok, soinu bandarekin egiten dugu, gainera. A ze indarra duen udako abestiak lagunen parrandetako memoria flashetan. Edo luzaroan itxarondako artista gogokoenaren kontzertu hunkigarriak… Entzumenak memoria berezia du: oso oroimen denbora motza da, baina gure zentzumen erregistroak aktibatzeko eta aspaldiko oroitzapen eta uneetara iristeko gai da (eta baita ezagutzen ez genituenak aktibatzeko ere). Horregatik laguntzen digu hainbeste musikak gure bizitzako une nabarmen bat datorrenean: dela ospakizuna, dolua edo etapa aldaketa bat.

Beraz, normala urte amaieran entzun dugunaren balantze emozionala egitea eta hurrengo urteko temazoak itxaropentsu irudikatzea. Mass mediaren zerrenda eta laburpenetarako joerak ere asko laguntzen du, urteko kontzertu eta diskoak gogora ekarriz, eta gure oroitzapenak musikatuz. Hala doaz, “buah, ni naiz literal” edo “abesti honek nire urtea laburtzen du” bezalakoak. Identifikazioa egiten dugu, artistak bere intimitatetik atera eta idatzitako hori gure eginez. Aurten argitaratu diren lanen artean bereziki lortu dute Fred Again.. ekoizlearen Actual life 3 eta Kendrick Lamar raperoaren Mr. Morale and the Big Steppers. Lamarrek terapia ariketa izugarria egin du, estilora rapetik urruti baina beharrezko ziren gaiak ekarriz: maskulinitate hegemonikoaren krisia edo transfobia, kasu. Fred Again.. -ek dantzarako abestitzar hunkigarri eta malenkoniatsuak ekoizten ditu modu originalean: denok ditugun lagunen audio eta sareetako storiekin. Azken finean, emozioak adierazteko edo hauen bidez konektatuta sentitzeko espresio globalena da musika.

Taldean gozatuz

Musikaren adierazgarritasun sozialak kultura garaikidean duen garrantzia azaltzen du, eta musika estilo jakinak gustukoago izatea ere. Herrialdearen arabera musika estilo ezberdinak entzuten diren bezala, zaila da burmuina muturreko soinuetara ohitzea. Hau da, rocka ez baduzu inoiz entzun, ziurrenik punka deskodetzeko zailtasunak izango dituzu. Halaber, ekialdeko kulturetako musika mikrotonala aintzat hartzeko komeriak izango ditu garun mendebaldarrak. Gure lehentasun akustikoak musika estilo jakin batekiko esposizioaren araberakoak dira, entzumen sistemaren ezaugarri baten araberakoak baino.

Eta, musikaren esposizioaren kontrola industriak du egun. Gehien entzuten ditugun abestiak guk aukeratutakoak dira edo jartzen dizkigutenak? Musika sonoritate eta egitura mota parekoak askotan entzuten ditugunean onartzen eta gustatzen amaitzen zaizkigu, gure burmuinari errepikapena gustatzen baitzaio. Robert Boleslaw Zajonc-ek Erakusketa soilaren eragina deitu zion estimuluak maizago erakusten zaizkigun heinean berauek gustukoago izatearen fenomeno psikologikoari. Beraz lasai, ez da zure errua abesti komertzialak uneoro burutik bueltan izatea. Garrantzi handia du abestiak norekin lotzen ditugun ere, noski. Talde baten parte sentiarazten gaituzten abestiak, amonak ahoz aho transmititutakoak, ikastolan ikasitakoak, lagun metaleroaren gomendioak... Lotura horrek kantuen sentsazioa eta guretzat esan nahi dutena era ezberdinetan aldatu dezake.

Nietzsche goizeko seiretan: “Beste bat! Bizitzak musika barik ez dauka zentzurik!”. / Bob Zajonc, erakusketa soilaren eraginaren ikertzailea, abesti bera uda guztian zehar behin eta berriz entzuteaz nazkatuta.

Nietzsche goizeko seiretan: “Beste bat! Bizitzak musika barik ez dauka zentzurik!”. / Bob Zajonc, erakusketa soilaren eraginaren ikertzailea, abesti bera uda guztian zehar behin eta berriz entzuteaz nazkatuta.

Zein bakarka

Baina musika bakarka entzutea ere bizitzako ariketarik atsegingarrienetakoa dela frogatu du psikologiak, jatea edo larrua jotzea bezainbeste! Musika entzuteak dopamina askatzen du burmuinean, eta plazeraren hormonatzat ezagutzen denak gogobetetze sentipenak eragiten ditu, arreta bultzatu eta baita estresa ekidin ere. Antzinate klasikoaz geroztik uste da musikak emozioak sor ditzakeela, eta horren zenbait ezaugarrik grina desberdinak bultza ditzaketela. 1649an, René Descartesek Arimaren grinak tratatua argitaratu zuen eta hortik eratorri zen XVII. mendean Afektuen teoria, zeinetan musikaren ezaugarrien arabera “aktibotasuna edo sufrimendua” eragiten diren. Aktibotasunaren adibide dira tempo azkarra, goranzko eredu erritmikoak, tarte zabalak, dinamika sendoak... Sufrimenduaren adibideak tonalitate txikiak, disonantziak, kromatismoak, tonalitatearen aldaketa malkartsuak edo inguru melodikoak dira, besteak beste.

XX. mendearen hasieran musikaren psikologia ikasketak hasi ziren, musikak bizitzaren edozein etapatan pertsonen portaeran eragiten duen indar emozionala aztertuz. Aurreikuspen, sari eta ezustearen arteko orekan ulertzen da egun musikaren eragin emozionalaren zergatia. Ezagutzen dugun egitura bat entzutean (edo errepikakorra den batean, lehen segundoak entzunda), gure burmuinak antzeman eta neuronen konexioak aktibatzen ditu, abesti edo erritmo horretara egokituta. Horren ostean espektatiba bat sortzen dugu nahi gabe esperientziaz: “geroago hauxe gertatu beharko litzateke”. Aurreikuspen hori betetzen bada, saritzat hartuko du burmuinak, atsegin. Ez bada betetzen, sorpresatzat hartuko du, bestelako “saria” jasoz: ikasketa, asaldura, lasaitasuna… Finean, era askotan azaldu dezakegu, baina Nietzsche filosofoak ondo baino hobeto aitortu zuen: “bizitzak musikarik gabe ez dauka zentzurik”.

2023-01-13T16:56:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo