Araba

Zero kilometroko merkatua

Azokaren argazkia, atzo arratsaldean egindakoa. | ARGAZKIA: PILAR BARCO

Merkatu jasangarria planetarentzat, eta, gainera, Arabako ekonomia nabarmen bultzatzen duena. Atzo itzuli zen Neu be banabil hirira Zabalganako zero kilometroko udazkeneko merkatua, herritar guztientzako berrikuntza eta ilusio berrituekin.

Hala, eta ildo beretik jarraituz, atzo Zabalganako 0km merkatuaren udazkeneko edizioa ospatu zen, Neu Be Banabil, Gasteiz Hobetuz programan aukeratutako ekimena. “Neu Be Banabilek bi ardatz ditu: bata, hurbileko merkatuarena, Zabalganaren bizitza dinamizatzeko eta kontsumo-ohitura osasungarriak sustatzeko, eta, bestea, espazio berean zabaltzen dugun kultura-eskaintzarena”, Borja Rodríguez Herritarren Partaidetzako, Gardentasuneko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak adierazi zuenez. Ekitaldia 17:00etan hasi zen eta 21:30era arte luzatu zen, Zabalganako Gizarte Etxearen barruan zein kanpoan. Ordutegi horretan, hau da arratsaldean, azoka-gunean, 0km produktuak eskaini zituzten hainbat postu desberdinetan. Postuak 17:00etatik 21:00etara egon ziren zabalik. Gainera, Zabalganako Kale Heziketako programarekin lankidetzan, truke-azoka bat antolatu zen, jostailuak, arropa eta liburuak trukatzeko. Truke azoka gizarte-etxeko plazan egin zen 17:00etatik 19:30era.

Gasteizko Udaletik jakitera eman zutenez, kultur agenda 17:30ean hasi zen, photocall gunearen irekierarekin. Bertan erretratu bat egin ahal izan zen, Neu Be Banabilen estiloari jarraituz, eta gero argazkiarekin orri-markagailu bat erosi. Ordu horretan bertan, Propero Teatro konpainiak Kapikua Circus ikuskizuna eskaini zuen. Ondoren, beranduag, 18:40etan gaztainak banatu ziren. “Auzoko saltokietan zigilatutako orria daramatenei oparituko zaizkie gaztainak. Zigiluak saltoki horietan lortuko dira, 10 eurotik gorako erosketa eginda. Hori da auzoko merkataritza sustatu nahi duen ekintzetako bat”, azpimarratu zuten ekitaldia baino lehen udaletik.

18/12/2022