Cultura

Zerocalcare-ren azkena euskaraz, jada, Farmazia Beltzaren eskutik

Komikigile italiarraren ‘No sleep till Shengal’ lana itzuli du Koldo Izagirrek.
Zerocalcare-k 'No sleep till Shengal' deituriko komiki berria kaleratu du.

Zerocalcare (Michele Rech) komikigile italiarraren best-seller-ak Farmazia Beltza argitaletxeak ekartzen ditu euskarara. Eta halaxe egin du, berriro ere, Koldo Izagirreren itzulpenarekin. No sleep till Shengal da autorearen azken emaria. Orain hilabete eskas argitaratu zen Italian, komikigilearen bigarren bidaia-koadernoa. Zerocalcarek autofikzioan oinarritutako obrak egiten baditu ere –Armadiloaren igarkizuna edo Hondamuinean, kasu–, oraingo honetan Kobane Calling-en bidetik jarraitzea erabaki du eta Kurdistango Shengal eskualdean yazidiek pairatutako egoeraren bost eguneko kronika egin du, betiko moduan, “drama eta umorea” uztartuz. Horrelaxe azaldu zuen atzo David Zapirainek, Farmazia Beltza argitaletxeko ordezkariak, Donostian eskainitako prentsaurrekoan.

Lan introspektiboa baino –Netflixentzako egindako Strappare lungo i bordi-ren antzera–, kanpoko errealitate bati “ahotsa” eman nahi izan dio Zerok. 2014. urtean ISIS-en genozidiotik ihes egitea lortu zuten yazidien gaurkotasuna kontatzen du komikian. Euskarazko edizio honetan, gainera, jatorrizkoan argitaratu ez zen istorio gehigarri bat ere gehitu diote.

Etiquetas
23/11/2022