zestoa – Zestoarrek gorriz markatua izaten dute urtero abenduaren 26a, Zoroperi eguna. Bi urtez jarraian, ordea, ez da ospakizunik izango. Hala adierazi zuen atzo Mikel Arregi alkateak ohar baten bidez.
Izurriteak azken egun hauetan izan duen bilakaera kezkagarria tarteko hartu du azken orduko erabakia Zestoako Udalak. "Guztiok dakizkigun arrazoien ondorioa" izan da erabakia. Hain zuzen, "astebetean Zestoan intzidentzia tasa metatua ia %100ean igo baita". Horrenbestez, abenduaren 26rako aurreikusitako ekitaldiak ez dituzte egingo.
Udaletik bereziki azpimarratu dute ez dela egitarau ofizialik eta ospakizunik izango. "Beraz, egun horretan espazio publikoan izan daitezkeen jende pilaketak saiheste aldera, goizeko azoka eta dastaketa saioak ez dira egingo, eta arratsaldean ez da pilota jaialdirik izango".
penaz hartutako erabakia
"Pena da" Mikel Arregi alkatearen hitzetan, bigarren urtez jarraian Zoroperi eguneko ekitaldiak bertan behera utzi beharra, baina "erantzukizunez" jokatzea dagokiela esan du. "Ez zalantzarik izan, egun hauek behar bezala eta inoiz baino ilusio handiagoz ospatzeko garaiak gertuago izango ditugu elkar zainduz". Hortaz, datorren urtean baserritar jantziak kalera ateratzeko eta herriko plazan fruta, barazki, gazta eta artisauen hainbat salmenta-postu ikusteko esperantzarekin agurtuko dute urtea zestoarrek.
Bestalde, Udalak "bereziki eskertu" nahi izan du herriko eragileek Gabonetarako aurreikusitako ekitaldiak bertan behera uzteko edo egokitzeko hartutako erabakia. Dena den, datozen egunetan emango dute horren inguruko xehetasunak.