Gipuzkoa

Zestoa: Osinbeltz, kulturaren harrobia?

Jeltzaleek harrobirako proposatzen duten auditorio moduko plazaren rekreazioa. Argazkia: Zestoako EAJ

Zestoako EAJ-k harrobi zaharra egokitu eta herritarren zerbitzura jartzeko aurre-proiektu berria aurkeztu du

Osinbeltz harrobiaren jarduera amaitutzat eman zenetik Zestoak itxura txarra ematen duen eta erabilerarik ez duen zabalera handiko eremua du herrigunetik oso gertu. Horregatik, harrobiaren eremua berreskuratzeko proiektu bat egin zen 2009an. Hala ere, hori aurrera eramateko aurrerapausu nabarmenak eman ez direla ikusita, Zestoako EAJ-k Osinbeltz berreskuratu eta herritarren zerbitzura jartzeko aurre-proiektu berria landu du.

Jeltzaleek aurtengo aurrekontuetan beren proposamena "lantzen hasteko" 8.000 euroko diru partida bat egokitzea eskatu zioten EH Bilduren Udal Gobernuari. EAJ-k uste du Osinbeltzerako aurkeztu duen aurre-proiektua "aurrerago eta faseka martxan jarri ahal dela" baina bere eskaerak Udal agintarien ezetza jaso du. Hala eta guztiz ere, taldeak jakinarazi du "apurka-apurka" bada ere, saiatuko dela "aurrera ateratzen" eskuartean dituen asmoak.

Proposamena

Zestoako EAJ-k egindako proposamenak "ikuspegi desberdin bat" ematen dio Osinbeltzeko harrobiari. Jeltzaleek eremu hori "egoteko espazio natural bat izatea" nahi dute, "biztanleriak aprobetxatzeko".

Horretarako, erabilera anitzeko eraikin berri bat egitearen alde agertzen dira. Hori "errepidetik iritsi ahala" kokatuko zen eta azpikaldean aparkalekuak izango zituen. Era berean, "harrobiko eremura sartzear", espazio zabal eta berde bat egokitzea proposatzen dute.

Zestoako EAJ-k landutako aurre-proiektuarekin jarraiki, harrobiaren erdigunea "auditorio moduko plaza batek egituratuko luke" eta horren bueltan "ur eta zuhaitzez inguraturiko esparru desberdinak" egokituko ziren: "Harriaren altuerak monumentaltasun ikutu bat ematen digu bertatik jarduerak egin ahal izateko, abentura parkearen kasuan", azaltzen dute alderditik.

Harrobiaren ekialderako "urola ibaiko ur naturalez" hornituko zen laku bat proposatzen dute "kirolak praktikatu edota bere inguruan egonaldiak egiteko". Azkenik, "herriarekiko lotura Osinbeltzekin bermatu nahian", bertatik dagoen bide zaharra, zubia eta paseoak berritzea proposatzen da EAJ-ren planteamenduan. Jeltzaleen ustetan, beren aurre-proeiktua "2009an egin zen egitasmoarekin bateragarri egin daiteke" eta horregatik "aztertzea" eskatzen dute.

Jeltzaleen ustetan beren proposamena "2009an egin zen egitasmoarekin bateragarri" egin daiteke eta "aztertzea" eskatzen dute

25/03/2022