Cultura

Zinea eta musika, inoiz baino elkartuago

Azken urteko film arrakastatsuak disziplina bien arteko sinergiaren erakusgarri dira
La guitarra flamenca, C. Tanganaren debuta da zinema zuzendari gisa.
La guitarra flamenca, C. Tanganaren debuta da zinema zuzendari gisa.

Actualizado hace 9 minutos

Aurtengo zinema denboraldia melomanoentzat gogoangarria izan da, musikak pisu handia hartu baitu bai karteldegian, bai sari banaketa nagusietan. Dokumentaletatik hasi eta musika eszenako kondairetan inspiratutako fikzioetaraino, ekoizpen hauek ikusleen eta kritikaren arreta bereganatu dute. Bertako zein nazioarteko jaialdietan, hainbat filmek garaikurrak eskuratu zituzten, erakutsiz musika ez dela soilik eszenatokietan entzuten, baizik eta zinemaren bidez ere transmititzen dela. Emaitza hauek agerian uzten dute bi arteen arteko elkarreragin aberatsa eta dokumental musikalaren generoaren boga, berria ez bada ere. Izan ere, aspalditik In-edit bezalako jaialdiak existitzen dira, zein-tzuk generoan oinarritzen diren. Eta gu pozarren, noski. Oraindik hauen inguruan ez baduzu ezer entzun, musikaz betetako lau film hauek aurkeztuko dizkizugu, ikusteko irrika handitu eta haien erakargarritasun eta garrantzia balioan jartzeko asmoz.

`La guitarra framenca de Yeray Cortés´ - C. Tangana

Lan hau C. Tanganaren debuta da zinema zuzendari gisa. Bertan, Yerai Cortés gitarra jotzailearen bizitzan murgiltzen da. Kontakizun hurbil eta intimista eta bisualki erakagarriaren bidez, musikariaren birtuosismoa, erroak eta bere kulturaren garrantzia erakusten ditu. Irudi indartsuak eta soinu banda liluragarria lagun, filmak ikuslea flamenkoaren tradizioan murgiltzen du, musikari izatearen pasioa eta sakrifizioa agerian utziz. Filmaren eszena bakoitzak flamenkoa arnasten du, nota bakoitzak bere istorioa du. Teknikatik harago, akorde bakoitzaren emozioa eta isiltasunen kudeaketa bikainari esker, hauek ere hitz egiten dute. C. Tanganaren pertsonaiarekin zerikusia izan edo ez, arrakasta handia izan du, bai ikusleen bai kritikaren artean. Horren erakusgarri da aurtengo Goya sarietan bi sari irabazi zituela: dokumental onenaren saria eta jatorrizko abesti onenaren saria Los Almendros abes- tiarekin.

`Itoiz. Udako sesioak´ - Larraitz Zuazo, Ainhoa Andrak eta Zuri Goikoetxea

Dokumental honek Itoiz euskal taldearen historia berreskuratu du. Artxibo material ezezaguna eta elkarrizketa esklusiboak erabiliz, taldeak garai hartako musika eszenan eta kulturan izan zuen eragina berreraikitzen du. Juan Carlos Pérez buru zuen proiektua musika ondare garrantzitsutzat gordetzeko eta zabaltzeko helburua du lanak. Gainera, Mutrikuko taldeak azken urteetan ospea hartu du, soinu poperoagoek RRVaren nostalgia astuna gainditu duelakoan. Filmak erakusten du nola garatu zen euskal musika testuinguru historiko jakin batean, rock progresiboa eta tokiko soinuak uztartuz. Gainera, erromeria bezala hasi zen taldearen anekdota eta datu bitxi eta pertsonalak biltzen ditu. Sari esanguratsurik jaso ez duen arren, jaialdi espezializatuetan eta zaleen artean harrera oso beroa izan du. Bere balioa emozionatzeko eta Itoiz taldearen garai loriatsua bizi zutenekin konektatzeko gaitasunean datza, baita taldearen ondarea belaunaldi berriei helarazteko duen moduan ere.

`La estrella azul´ - Javier Macipe

La estrella azul filmean Javier Macipe zuzendariak Mauricio Aznar musikari zaragozarraren bizitza kontatzen du. Aznarrek rocka utzi zuen Argentinako folklorean murgiltzeko, eta filmak bere bilaketa pertsonala eta musikalaren ibilbidea erakusten du. Zuzendaritzaren zaintza estetikoa eta Pepe Lorenteren interpretazio bikaina medio, filmak Aznarren pasioa eta bere barne bilaketa transmititzen ditu, era sentibera eta baita esperimentalean, lana sorpresaz beterik datorrelarik. Musika istorioaren hari nagusia da, kulturak eta belaunaldiak lotzen dituen elementu gisa funtzionatuz. Pelikulak Aznarren ibilbidea erakusteaz gain, musikak babesleku eta erresistentzia modu gisa duen indarra ere aztertzen du. Horrek hainbat sari irabaztera eraman du, tartean, Goya sarietan zuzendari berritzaile onenaren saria Maciperentzat eta aktore errebelazio nnenarena Pepe Lorenterentzat. Gainera, José María Forqué sarietan ere izendapenak lortu ditu. Hain ezaguna ez den musikan murgiltzeko aukera borobila.

`Segundo premio´ - Isaki Lacuesta eta Pol Rodríguez

Isaki Lacuesta eta Pol Rodríguezen zuzendari-tzapean, Segundo premio filmak 90eko hamarkadako Granadara eramaten gaitu, Los Planetas taldearen Una semana en el motor de un autobús disko mitikoaren sormen prozesua jarraituz. Filmak ez du narrazio lineal bat eskaintzen, baizik eta ikuslea esperientzia sentsorial batean murgiltzen du, taldearen izaera eta garaiaren intentsitatea islatuz. Izan ere, disko hori egin bitartean, droga eta psikodelia ziren nagusi taldearen inguruan. Musika filmaren kontakizunaren parte funtsezkoa da, ia pertsonaia gehiago bat bezala funtzionatzen du. Soinu psikodelikoek eta 90eko hamarkadako giroak atmosfera berezia sortzen dute, eta kritikaren aldetik harrera bikaina izan du. Filmak aurtengo Goya sarietan hiru garaikur eskuratu zituen eta José María Forqué sarietan izendapena lortu zuen. Hala ere, Oscar sarietara bidean ez zuen espero zen arrakasta lortu. Espainiako ordezkari izateko faboritoetako bat zen, baina azkenean behin betiko hautaketatik kanpo geratu zen, zale eta kritikari askoren artean desilusioa eta eztabaida sortuz.

Lau film hauen arrakastak erakusten du Espainiako zinema eta musika elkarren osagarri bihurtu direla. Musikazaleontzat beti da aberasgarri maite ditugun proiektuen atzean dauden istorioak ezagutzea, musikaren osagarritzat edota proiektuarekiko lehen hurbilpen gisa. Goya sariek joera hori islatu dute, belaunaldi eta genero desberdinak lotzen dituzten istorioak sarituz. Flamenkotik euskal rockera, folklore argentinarretik indie psikodelikora, lan hauek publikoaren bihotzak ukitu dituzte eta 2025ean kulturaren oihartzun handienetako bat izango dira. Hala, urtea funtsezkoa izan daiteke zinea eta musika uztartzen dituzten ikuspegi berriak sendotzeko, soinuaren eta irudiaren bidez istorioak kontatzeko modu berriak aztertuz.

2025-03-12T21:27:18+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo