Cultura

ZINEBI jaialdian parte hartzeko epea ostiralean zabalduko da

Rodaje de una película en Bilbao

Zinemagileek, ekoizleek eta banatzaileek ostiral honetatik aurrera eman dezakete haien izena ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioan parte hartzeko. Film laburrak uztailaren 18a baino lehen aurkeztu behar dira, film luzeak, ordez, irailaren 3a baino lehen. Bi kasuetan izena Festhome plataformaren bidez eman beharko da. Bilboko Udalak antolatuta, azaroaren 10etik 17ra bitartean jarriko da abian.

ZINEBIk, bere Sail Ofiziala – Film Laburren Nazioarteko Lehiaketarako, gehienez 30 minutuko iraupena duten fikziozko, animazioko eta dokumentaleko filmak onartzen ditu, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitakoak; eta, bere Sail Ofizialerako – ZIFF-ZINEBI First Film Internazionala –, 60 minututik gorako iraupena duten film luze opera prima, Estatuan estreinatu ez direnak eta 2023an ekoitzi direnak.

SARIAK

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa – Sail Ofizialean parte hartzen duten film laburrek (2022an ZINEBIk 114 herrialdetako 3.433 film labur jaso zituen, eta horietatik 57 aukeratu ziren) honako sari hauek irabazteko aukera izango dute:

  • ZINEBIko Sari Nagusia (7.000 euro)
  • Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro)
  • Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro)
  • Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro)
  • Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro)
  • Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldia (5.000 euro)
  • Publikoaren EITB Saria (3.000 euro)
  • SGAE Fundazioa Euskal Gidoirik Onenaren Saria (3.000 euro)
  • Sail Ofizialean – ZIFF-ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten opera prima film luzeek ZIFF Sari Nagusia (12.000 euro) eta ZIFF Gazte Epaimahaiaren Saria (UPV/EHU) Saria (2.000 euro) eskuratu ahal izango dituzte.

AKREDITAZIOAK ETA AITORPENAK

ZINEBI Hollywoodeko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak akreditatuta dago Oscar sarietarako kalifikatzaile gisa, eta Goya sarietarako eta BAFTA sarietarako Britainia Handiko film laburretarako ere kalifikatzaile da.

Gainera, ZINEBI EFA (European Film Awards) sarietarako hautagai den film labur bat aukeratzen duten Europako lehiaketen zerrendan dauden Estatuko bi jaialdietako bat da. Horrek esan nahi du ZINEBIren hurrengo edizioko Nazioarteko Epaimahaiak, Sail Ofizialeko parte-hartzaileen artean, Europako Film Labur Onenaren kategorian EFA 2024 Sarirako hautagai den film bat aukeratuko duela.

1974az geroztik, eta etenik gabe, Zinematografia Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) munduko A klaseko jaialdietako bat izendatu du film laburren eta dokumentalen kategorian. Gaur egun, Oberhausengo (Alemania), Tampereko (Finlandia) eta Krakoviako (Polonia) Europako lehiaketa beteranoekin batera soilik dago.

Bilboko Udalak ZINEBI antolatzen du Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin (Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bidez – ICAA –).

17/03/2023