Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela Euskal Herri osoan, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza-ohituretan. Horretaz jakitun, UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Zinuema ekimena abiatu du, beti ere, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza areagotu eta produktu horien kontsumoak eragiteko.
Azpeitiko Udalak, Tinko Film etxeak eta Kulturaz Kooperatibak bat egin dute zine aretoetan euskarazko eskaintza bermatzeko UEMAk martxan jarri duen Zinuema proiektuarekin. Hori dela eta, herritarrek euskaraz ekoiztutako hainbat formatuko lanak ikusi ahalko dituzte gaurtik otsailaren 19ra bitartean Soreasuko pantaila handian.
Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandiak ekimena aurkezteko ostiralean egin zen agerraldian azaldu zuenez, Zinuema abian jarrita “probatu nahi dugu egingarria izango ote litzatekeen etorkizun batean egitaraua eskala handiagora eramatea, herri eta batez ere aste gehiagoko eskaintza batera”.
Horretarako, hainbat formatutako lanak hautatu dituzte Zinuema-ren egitaraua prestatzeko; baita Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala zuzenean pantailan handian eskaintzea ere. “Gaur-gaurkoz ez da egingarria urte osoko programazio bat egitea euskarazko filmekin soilik; horregatik dira hainbat formatutako lanak, zinema areto batean euskaraz goza daitekeen ekitaldi kopurua handiagoa izan dadin”, esan zuen.
Egitaraua
Zinuema ekimena abiatzeko ‘Zure platerean hasten da mundua’ dokumentala ikusi ahalko da gaur (19.30ean) Soreasun. Hortik aurrera, ‘Izurde mutikoa’ (abenduaren 4tik 8ra arte), Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, zuzenean (abenduaren 10ean eta 11n), ‘Izotzetako erregina’ (abenduaren 28tik 30era), ‘Nire zirkua’ (urtarrilaren 8an), ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ (urtarrilaren 12tik 15era); ‘Gabi’ (urtarrilaren 22an); ‘Go!azen 9.0.’ azken atalaren aurre-estreinaldia (urtarrilaren 28an eta 29an); ‘Irabazi arte!’ telesailaren bigarren denboraldiko lehen atalaren aurre-estreinaldia (otsailaren 5ean); ‘Emakumeak film laburrean’ (otsailaren 8tik 12ra) eta ‘Elkano, lehen mundu bira’ (otsilaren 19an) ikusteko parada izango da Azpeitian.
Kulturaz Kooperatibako Eusebio Belokik herritarrei dei egin zien ekimenean parte hartzeko: “Zinuemaren bonu sistemaren bidez, emanaldi guztietarako baliagarria den bonua 10 euroan erosteko aukera izango dute Sanagustun Kulturgunean”. Horrez gain, sarrera arruntak ere salgai izango dira, leihatilan bertan.