Gipuzkoa

Zirkuaren magiak hartuko du Andoain

‘Ikuszirkus’ jaialdiaren baitan bi ikuskizun izango dira asteburu honetan eta hurrengo bietan
Ikus ahal izango den emanaldietako bat. | ARGAZKIA: N.G.

Askotariko magia ikuskizunak izango dira asteburu honetan eta hurrengoan Andoainen Ikuszirkus jaialdiaren baitan. Doako lau kale-ikuskizun aurreikusi dituzte, familia osoari zuzenduak.

Bihar, larunbata, NDK euskal konpainiaren maza malabare ikuskizunarekin hasiko da zikloa (Zumean plazan, 19.00etan). Pertsona baten baitan bizi izan daitezkeen pertsonaia ezberdinen arteko jolasa planteatzen du [‘e.go] ikuskizunak. Konpainiaren esanetan, “bidaia emozional eta zirraragarria” da.

Igandean, hilak 11, Mikra izeneko saioaren txanda izango da, soka akrobaziak ekarriko dituena (Goikoplaza, 19.00). Berdinki Zirkua konpainiaren lan honek, euskaldunak hauek ere, zenbait galdera egingo dizkio ikusleari: nola identifika dezakegu garena eta nola erakusten duguna?, askatasunez bizi al dugu gure nortasuna?... Gisa honetako galderen ostean dauden botere harremana azaleratzeko erabiltzeko ditu Mikra ikuskizunak zirkuaren disziplina ezberdinak.

Bigarren asteburuan Urbasa eta Do Not Disturb ikuskizunen txanda izango da. Nafarroatik larunbatean, irailaren 17an, Hutsun+Ortzi taldeak Urbasa izeneko proposamenarekin, akrobaziak eta txalaparta uztartuko ditu. Otietan (Lei-tzaran) izango da emankizuna, 18.00etan. Lekuaren berezitasunarengatik eta halako hitzorduetan orain arte egin den bezala, parkera oinez ala bizikletaz iristeko gonbidapena luzatzen zaie andoaindarrei. Halaber, doako autobus-zerbitzua ere egongo da Andoaindik, bai bertara iristeko 17.00etatik 18.00etara.

Bukatzeko, igandean, hilak 18, Andaluziatik Vaiven Circo konpainiak Do Not Disturb ikuskizunarekin amaituko du zirku jaialdia. Akrobazia emanaldia proposatuko du, neurri handiko pieza batekin egingo dena, 19.00etan, Goikoplazan.

10/09/2022