Gasteiz konexioan jardunaldiaren zazpigarren edizioa ospatuko da gaur, Eraldaketa lapikoan titulupean. Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak antolatutako sentsibilizazio-jardunaldia da. Nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 84 euskal GKE biltzen ditu sare horrek. Jardunaldia gaur izango da, 18:00etan, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeko antzokian. Saiorako sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte. Ainhoa Bilbao Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko bozeramaileak DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian azaldu ditu jardunaldi honen xehetasunak eta supermerkatuetan erosten dugunaren jatorria ezagutzearen garrantzia.
Nola berma dezakegu erosketa-saskia gaur egungo ziurgabetasun-egoeran?
Ukrainiako gerra, petrolioaren krisia, prezioen gorakada… nazioarteko ziurgabetasun egoerak eragina dauka, nahitaez, Gasteizko gure egunerokotasunean, baita gure erosketetan ere. Hala ere, eragin hau murriztu dezakegu ekoizpen- eta merkataritza-zirkuitu laburrak sustatuz. Kontsumitzen ditugun produktuak gugandik gertu ekoitzi badira, eta modu agroekologikoan, energiaren prezioaren gorakada edo erregaien eskasia ez da arazo larria izango guretzat. Ziurgabetasunaren aurrean, tokiko ekonomia eta burujabetza dira bultzatu behar ditugunak.
Zer lotura dago gure lurraldeen eta gaurko jardunaldian hitz egingo duzuen beste lurraldeen artean?
Gure munduan den-dena elkarlotuta dago, gure ingurura begiratu baino ez dugu egin behar. Adibidez, klima-larrialdia uste baino gertuago dugu, muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira, eta azken urteotan tenperaturak nabarmen igo dira. Gure arropek ere beste herrialde batzuekin lotzen gaituzte. Non ekoizten dira erosten ditugun 3 euroko kamisetak? Zein baldintzatan lan egiten dute behargin horiek? Are gehiago, jasangarria al da ekoizpen-eredu hori gure planetarako? Horrek eraman behar gaitu ondorioztatzera horien atzean giza eskubideen urraketa larriak daudela. Bi adibide baino ez dira, baina oso argi erakusten digute ez garela irletan bizi, eta hemen egiten dugunak ondorioak dituela urrunagoko beste lurralde batzuetan, eta alderantziz. Eta jakina, elikadura eta kontsumoak ere lotzen gaitu beste leku batzuetara, hori da hain zuzen ere aurtengo ekimenaren ardatza. Herritar gisa, oso ariketa interesgarria eta aberasgarria da aztertzea inguratzen gaituen guztia nola dagoen lotuta munduko beste leku batzuetara. Horrela ikusiko dugu gure eguneroko erabakiak eta ohiturak aldatuz mundu mailako eraldaketa globala lortzen lagundu dezakegula.
Zein da jardunaldi honen helburua eta zein gai jorratuko ditu?
Gasteiz konexioan jardunaldiaren xedea da gure lurraldearen eta urrutiko beste leku batzuen arteko lotura erakustea, bereziki Arabako garapenerako GKE-ek lan egiten duten tokietan, eta, hala, gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen esku hartzen duten herritar aktiboak eta parte-hartzaileak sortzen laguntzea. Alegia, hausnarketa eragin nahi dugu herritarengan mundu mailan aldaketak lortzeko, baina gure gertuko eta eguneroko errealitateetatik abiatuta. Lotura horiek erakusteko, urtero gai bati heltzen diogu, normalean aktualitatearekin zerikusia duena. Ekimenaren zazpigarren edizio honetan, egungo ziurgabetasun testuinguruarekin egin dugu bat. Zehazki, energia-krisiak, inflazioak, horniduren eskasiak, prekarietateak, edota ekoizpenaren deslokalizazioak, besteak beste, gure kontsumoarekin duten erlazio zuzenak aztertuko ditugu. Jakin badakigu, gainera, horiek guztiek ez dietela modu berean eragiten pertsona guztiei, eremu geografikoaren, klase sozialaren edota baliabideen arabera, adibidez, desberdina da-eta. Dena lotuta dago mundu globalizatu honetan, eta horren erakusle kontsumoa da. Erosten eta jaten dugunak milaka kilometrotara bizi diren pertsonen eskubideetan eragiten du. Era berean, munduko krisiek ere eragina dute gure ingurunean, esate baterako, erosketasaskiaren prezioen igoeran. Mundu mailako kontsumitzaile eta ekoizleok merkatuaren oso mendeko gara, eta zaurgarritasun handiko egoeran gera-tzen gara, egun ikusten dugun moduan. Hortaz, gure erosketa-saskia gizartearen norabidea alda-tzeko eta pertsona ororentzat elikadura osasuntsua, jasangarria eta bidezkoa bermatzeko tresna da, giza eskubideak eta ingurumena errespetatzen dituena.
Gizarte justu eta solidarioan bizi gara?
Bai. Gure lurraldean dauden erakunde, elkarte eta gizarte-mugimenduetara, besteak beste, begiratu baino ez dugu egin behar ikusteko oso sare zabala eta indartsua ehundu dugula aldaketarako bidean aurrerapausoak emateko. Horiek guztiak hamaika arlotan edo kausatan ari dira lanean aldaketak lortzeko: ekologismoan, feminismoan, nazioarteko lankidetzan, gizarte-esku har-tzean, pertsona adinduak, aniztasun funtzionala, LGTBIQ+… Bakoitzak bere esparruan, baina helburu komun batekin: pertsona guztiontzat gizarte bidezkoagoa eta justuagoa lortzea, hobea azken finean, eta inor ez atzean geratzeko. Artikulatutako sare horrek adierazten du, batetik, herritarrek munduaren egoeraz hausnarketa egin dutela, eta konturatu direla gure bizitzan eta munduan zerbait ez dabilela ondo eta bidegabekeriez inguratuta gaudela. Bestetik, herritarrak ez direla besoak gurutzatuta geratu ere erakusten du. Arduraz jokatzen dute eta aldaketaren parte sentitzen dira, eta horretarako, elkarteetara, garapenerako GKE-etara, auzoko taldeetara etab. jotzen dute elkarrekin lan egiteko, jakinda batera eta eskutik helduta urrunago heltzen direla. Eta zer esanik ez, gure lurraldean dauden boluntario askoren lana ere azpimarra-tzekoa da. Haiek dira gizarte erakundeen arima eta haien lana ezinbestekoa da aldaketarako bidean. Baina erakundeon helburuak lortzeko erakunde publikoen laguntza behar dugu, are gehiago bizi garen egoera ziurgabe honetan. Egoera eta testuingurua okerragotu egiten denean erakutsi behar ditugu zeintzuk diren mugiarazten gaituzten benetako balioak. Aurrerapausoak egon dira, bai, baina ez dago dena lortuta. Erronka asko ditugu oraindik aurrean elkartasuna benetan errotuta egoteko. Askotan gure gizarteak berekoia izateko joera du, eta gure zilborrera gehiegi begiratzen dugu. Urrunago gertatzen denara ireki behar dugu geure burua hurbilago gertatzen dena hobeto ulertzeko.
Oro har, inportatutako zenbait produktu erosten ditugunean, ondorioez jabetzen gara?
Enpresa handiei ez zaie interesatzen guk kontsumitzen duguna zer egoeratan sortzen den erakustea. Eskubideak urratzea, bortxazko joan-etorriak, haurren lana… inoiz ez dira agertzen publizitatean, eta oso gutxitan masa-komunikabideetan. Horregatik, garrantzitsua da gizarte-erakundeek eta -mugimenduek herritarrak sentsibilizatzen lan egitea. Baina ezin gara salaketan bakarrik geratu, proposamenak egin behar dira eta herritarrek lagundu ditzaketen alternatibak ikusarazi; horrela, ekoizpen- eta kontsumo-eredu bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzen lagundu dezakegu.
Kontsumoa, erresilientzia, jasangarritasuna eta elkartasuna izango dira aurtengo edizioaren ardatzak.
Gure ustez, egungo testuinguruaren ziurgabetasunari aurre egiteko, elkarren laguntzaren, ingurumena zain-tzearen eta pertsona guztientzako kalitateko elikadura osasungarria izateko aukera bermatzearen aldeko ekimenei lagundu behar zaie. Horrela bakarrik gaindituko dugu krisi hau eta etorriko direnak. Bestalde, jaio ginenetik, garapenerako GKEok egungo pobrezia, desberdinkeriak eta giza eskubideen urraketak salatzen ditugu, baita horien kausak ere. Gainera, munduaren norabidea aldatzeko proposamenak eta alternatibak ere planteatzen ditugu, eta horietariko asko eskura ditugu herritarrok gure egunerokoan. Gasteiz konexioan ekimenean ikusiko dugun moduan, zentzuz eta arduraz kontsumitzea helburu horretan erreminta bat da.