Bizkaia

Zornotza MusikaGaz Fest! 2023 urtarrilaren 28an ospatuko da

Egun osoko doako kontzertu-maratoia, hainbat agertoki eta tabernetan burutuko da eta 9 talde edo bakarlari izango dira
Ruth Manzano, Luciano Martínez, Andoni Agirrebeitia, Beñat Gaztelurrutia eta Julen.

Euskal musikari gazte eta sortzaileen erakusleiho bat izateko helburuarekin aurkeztu zuten atzo Zornotza MusikaGaz Fest! 2023 jaialdiaren lehen edizioa. Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako jaialdi honek, Musika Bulegoa, Gerediaga Elkartea eta Zornotzako Gazteen laguntza du eta urtarrilaren 28an ospatuko da. “Amorebieta-Etxanoko Udalak urtean zehar antolatutako musika-ekimenek sektore horrekiko gure konpromisoa erakusten dute. Euskarazko musika-karrera hasi nahi duten euskal gazteek Amorebieta-Etxanon aukera bat izatea sustatu nahi dugu; eta bide bateez, kontratazio eta erakustaldi publiko honek balio izatea gazteen profesionalizazioa bultzatzeko”, adierazi zuen aurkezpen ekitaldian Andoni Agirrebetia alkateak.

Egun osoko doako kontzertu-maratoi bat izango da eta herriko hainbat agertoki eta tabernetan burutuko da. Programazioaren xehetasunei dagokionez, jaialdi berri honen estreinaldiko edizioan bederatzi talde edo bakarlari izango dira. “Guztiak euskarazko musika sortzaileak dira eta Durangoko Azokako Da!Pro topaketan euren lanak aurkeztu zituzten sei talde edo bakarlariez gain, beste hiru ere izango dira”, azaldu zuen Luciano Martinez udaleko Kultura eta Kirol zinegotziak, jaialdiaren nondik norakoak ematen zituen bitartean.

Horrela, lehenengo kontzertua Sweet Rage taldeak eskainiko du, 12.30ean, Urtza Tabernan. 13.30ean, Goiatz Duttoren txanda izango da Sukoi tabernan. Arratsaldean, berriz, 17.00etan, eta Zelaietako kontzertu gelan Ilargiren eskutik, Indie Pop doinu elektronikoz osatutako Beldurrarekin dantzan diskoaren aurkezpena programatu da. 18.15etan, Bermeoko Etxekalte taldeak Amorebieta IV pilotalekuan zabalduko ditu rock alternatiboa eta post rocka bezalako estiloak. Beranduago, 19.30ean, Zornotza Aretoan Olaia Inziarten kontzertua hasiko da. Ordu laurden geroago, Vintage tabernan, Deñe taldeak joko du eta 20.45ean, Mugan taldeak pop folk hotsak zabalduko ditu Amorebieta IV pilotalekuan. Gaueko 22.00etan, Zelaietako kontzertu gelan, Julen musikariak eskainiko du bere emanaldia eta amaitzeko, Xsakara taldeak amaiera kontzertua joko du, 23.30ean Amorebieta IV pilotalekuan. Bertan, Trap erritmoan, Zornotza MusikaGaz Fest! 2023 jaialdia agurtuko du, Lurrikarak albumaren interpretazioarekin.

21/01/2023