Bizkaia

Zorrotzako Muturrak egonleku eta kirol-gune berriak ditu

Así es el Pumptrack de Punta Zorrotza

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia, udal korporazioko beste kide batzuekin, bisitatu dituzte Udalak amaitu berri dituen Zorrotzako Muturrean erabili gabe zeuden espazioak leheneratzeko lanak. Zehazki, Zirgariak Kaiaren, Artsenalbidearen eta Archer Marinelaren kalearen arteko eremuan egin dituzte obrak.

Ingurune hura berroneratzeko, aire zabaleko jarduerak sustatzen dituzten kirol-elementuak, egoteko leku berriak, eta ibilbide seguru, irisgarri eta ondo argiztatuak egin dituzte.

Obren emaitzak ikusteko, 8. Barrutira gerturatu dira gaur goizean Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia, eta udal korporazioko beste kide batzuk.

Alkateak berak gogorarazi duen moduan, lanak Zorrotzako Muturreko estrategiaren parte dira, eta, horien bidez, Udalak urrats sendo bat egin nahi du, eremu hartan helburu hauek lortzeko:

  • Erabiltzen ez diren espazioak berreskuratzea eta ingurune haren erakargarritasuna sustatzea, aire zabaleko kirola bultzatuz.
  • Eremua seguruago egitea, Artsenalbidea eta Erriberako parkea lotzen zituen lurpeko pasabidea kenduz eta ingurune osoan argiztapena areagotuz.
  • Egoteko eta elkarreragiteko gune berriak sortzea.
  • Bidegorri bat prestatzea eta hura Erriberako Parketik igarotzen denarekin lotzea.
  • Auzoan dagoen aparkaleku-falta arintzea, auzotarrek erabiltzeko aparkaleku mailakatua sortuz: guztira, 47 aparkaleku berri egin dira.

Lanok azken zortzi hilabeteotan egin dira, eta 1.276.901,47 euroko aurrekontua izan dute (BEZa barne).

KIROL-GUNE BERRIAK

Done Mikel plazan zegoen kirol-pistako zoladura hondatuta zegoen. Hori dela eta, Udalak, proiektuaren barruan, pista birgaitu, eta kantxa berri bi jarri ditu han: kirol anitzetarako bat (32 X 19 m-ko azalerarekin), eta txikiago beste bat (14 X 9 metrokoa).

Horrez gain, kirol-instalazio ikusgarri bat da eremuko jarduketa nabarmenena: pumptrack bat, hau da, zirkuitu itxi asfaltatu bat, oztopoekin, bihurguneekin, salto eta sakanguneekin, bizikletaz, patinetez eta abarrez ibiltzeko.

Zorrotzako Muturrekoa Estatuko pumptrack osatuenetako bat da, konplexutasunari eta lehiaketari dagokienez. Transito kalexkaren ekialdeko lurzatian dago, eta 1.265 metro karratu ditu, gutxi gorabehera.

Bere diseinu originala integratutako egurrezko wallride birengatik nabarmentzen da. Edonork erabiltzeko pentsatuta dago, norberaren adina eta maila teknikoa edozein direla ere. Hori dela eta, bereizitako hiru gune daude, zailtasun-maila desberdinarekin; guneok elkartu ahal dira, erabilera gehiago optimizatzeko.

  • Hasierako eremua -lerro berdea-: 56 metro linealeko ibilbidea du. Barruko azalera guztiz asfaltatuta dago, skatepark batean egiten denaren antzeko erabilera-ahalmena izateko. 90 graduko bihurgune bi ditu, eta, ondoz ondo, 180 bat graduko beste bat.
  • Maila ertaineko ibilbidea -lerro urdina-: U alderantzikatu itxurako 140 metro lineal ditu, eta 1,9 metroko zabalera. Hasierako gunea inguratzen du, eta harekin lotu daiteke, bi puntutan. Saltatu beharreko zortzi oztopo, eta zazpi bihurgune ditu. Nabarmentzekoa da bihurguneetako batean dagoen wallridea: egurrezko horma bat, bihurgunearen altuera gainditzen duena, abiadura handiz hartzekoa.
  • Azkenik, maila aurreratua -lerro gorria-: obalo forma, eta 50 metro linealeko ibilbidea ditu. Erabiltzailerik trebatuenentzat diseinatutako hainbat jauzi ere baditu, eta wallride egitura bat, pistaren iparraldera dagoen 180º-ko bihurgunearen gainean.

Pumptrackerako eta kirol-kantxetarako sarbideetan, altzairu herdoilgaitzezko bizikleta-aparkalekuak jarri dituzte; eta horma-irudi handi bat ere egin dute, ingurune osoari kohesioa eta koherentzia emateko.

18/01/2023