Bizkaia

Zortzi emakume espezialista sartu dira Ertzaintzaren Txakur Unitatean

Txakur unitatea 1989an sortu zenetik ez dira emakume agenterik egon
Zortzi emakume espezialista sartu dira Ertzaintzaren Txakur Unitatean

"Ertzanora", Ertzaintzako txakur unitatea, 17 agente prestatu ditu azken ikastaroan, horietatik 8 emakume izan direnak. Gertaera hau nabarmena izan da Ertzaintzaren lan-organigramaren barnean, txakur unitatea 1989an sortu zenetik ez baitira egon emakume agenterik.

“Ertzanora” 1989an sortu zen, eta Ertzaintzako lehenengo lau gidari-agenteak eta euren txakurrak segurtasunaren espezializatu ziren. Lau ertzainak Stuttgarten trebatu zituen Alemaniako Poliziak. Gero, 1991en, beste 4 lehergailuen espezialitatean prestatu ziren. 1994an beste 2k drogen espezialitatean jaso zuten prestakuntza, eta beste 2 Frantziako Jendarmeriak prestatu zituen erreskate-espezialitatean.

Ordutik, eta Txakur Unitateko atal ezberdinak finkatu direnean gidari-agente berriak eta euren polizia-txakurrak Ertzaintzako instrukzio-arloko agenteek prestatzen dituzte. Gainera, une hauetan Ertzaintzaren Txakur Unitatea beste polizia-kidego batzuen txakur-unitateetako agenteak prestatzen hasi da, besteak beste, Bilboko Udaltzaingoarenak, Esquadra Mossoenak eta Nafarroako Foru Poliziarenak.

Gaur egun Ertzaintzaren Txakur Unitatea Miren Zamakolak zuzentzen du, segurtasunean, lehergailuetan, drogetan, erreskatean eta su-azeleratzaileetan espezializatutako 40 agente eta txakurrez osaturikoa.

BILAKAERA ETA HOBEKUNTZAK TXAKURREN TREBAKUNTZAN

Polizia-txakurren prestakuntzari dagokionez, pixkanaka dibertsifikatzen joan da lan-eremua, eta polizia-ikerketen eta jardueren errealitate eta premia berrietara eguneratzen joan da. Gaur egun, esate baterako, lehergailuetan espezializatutako txakurrak talde yihadistek erabiltzen dituzten lehergailuak hautemateko prestatuta daude; erreskatean espezializatutakoak hondar biologikoak eta lurperatutako gorpuak bilatzeko eta hautemateko gai dira; eta drogetan espezializatutako txakurrak legez kanpoko merkatuan sartzen diren gai sorgorgarri sintetiko berriak eta nahasteko substantziak ezagutzeko prestatzen dira.

Nabarmentzekoa da, bestalde, 2020an jarri zela abian su-azeleratzaileak hautemateko espezialitatea, begi-ikuskapenetako taldeei, Polizia Zientifikoari eta Ingurumen Atalari eraikinetako, ibilgailuetako eta basoko suteetan, nahita eragindakoetan eta abarretan, laguntzeko.

Urte horretan bertan, 2020an, droga eta lehergailu espezialitateetako txakurrak su-armak bilatzeko eta aurkitzeko hasi ziren prestatzen.

1.238 ESKU HARTZE- 2021EAN

Beste 17 gidari-agente berri hauekin, Ertzaintzaren Txakur Unitateak erantzun eraginkorragoa eman ahal izango die Ertzaintzaren gainerako unitateen beharrei, bai eta udaltzaingoen eta espetxeen beharrei ere, gaur egun horiekin ere lankidetzan jarduten baitute. Gainera, entrenamenduak perfekzionatuz eta agertokiak zabalduz, lanaren kalitatea hobea izaten da, eta hori parte hartzen duten jardueren kopuruan islatzen da.

Zehazki, 2021ean 1.238 jardueratan esku hartu zuen Txakur Unitateak:lehergailuen espezialitatearen kargura 636 esku hartze egin zituen, drogen espezialitatean 306, segurtasunarenean 143, erreskatean 136 eta su-azeleratzaileak hautematen 17.Adierazi behar da, drogen arloan substantzia sorgorgarri ezberdinen bost bat kilogramo aurkitu zituztela, eta merkatu beltzean ehun mila eurotik gorako balioa izango zuten.

12/07/2022