Cultura

'Zu lo han' Nizeren azken lana

Lau urteko tartean bigarren diskoa kaleratu berri du Nize taldeak, 'Zu Lo Han'. Gitarra, baxua, bateria eta ahotsa oinarri hartuta estilo propioa garatu du hirukote gazteak
Argazkian, Nizeko hiru taldekideak.

Ez da asko igaro elkar ezagutu zutenetik. Are gutxiago pasa da elkarrekin musika sortzen hasi zirenetik. Kontzertuak ematen eta abestiak kaleratzen segituan hasi ziren ordea, eta bigarren EPa argitaratu berri dute jada. Urriaren 15ean aurkeztu zuten Bilbon, eta Berlinera ere eraman dute euren musika.

Andrea Plazak, Niko Bortolinik eta Intza Arakistainek osatzen dute Nize musika taldea. Lehenak abestu eta gitarra jotzen du, bigarrena baxu jotzailea da eta hirugarrenak bateriari eragiten dio kantatzen duen bitartean. 2018an hasi ziren elkarrekin musika sortzen eta pixkanaka estilo propioa garatzen joan dira. 90eko hamarkadako rock taldeen doinuez bustitako musika egiten dutela diote, baina, argi utzita ez dituztela etiketak atsegin eta ez dietela garrantzirik ematen euren musika lantzerako orduan.

Taldekideek eurek azaldu duten moduan, erreferente musikal ugari partekatzen dituzte. Sonic Youth, Savages, Fontane D.C, Warpaint, The Hole… dira horietako batzuk. Gertukoei erreparatuta, Belako, Berri Txarrak eta Mourn nabarmendu dituzte. Haien esanetan, nork bere gustu zehatzak eta jotzeko modu partikularra ditu, baina "melodia edo erritmo orokorrari laguntzen dio norberaren egiteko moduak".

Irudiaren garrantziaz

Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, Arte Ederren fakultatean. Agerikoa da arte plastikoak euren sorkuntzan duen eragina, baina, haien esanetan, ez da hasieratik horrela izan. "Nize hasi zenetik beti desberdindu izan ditugu gure praktikak. Alde batetik Nize zegoen eta bestetik gure praktika indibiduala, estudioan bakarka lantzen genuena". Denborarekin, ordea, paraleloki eraikitzen ziren bideak batu egin direla uste dute, "norberak duen lan egiteko era Nizen errepikatu egiten delako". "Bateria jotzea, adibidez, eta pintatzea ez dira gauza hain desberdinak intentzio berdina baldin badago", argitu dute.

Nizeren karteldegiari, bideoklipei eta diskoen azalei erreparatzen dion oro segituan ohartuko da irudiari ematen dioten garrantziaz. Kasu honetan ere, denborarekin jabetu ziren duen indarraz. “Musika talde bat izatea ez da musika egitea bakarrik, gure irudi propioa eraikitzea da. Momentu honetan gure diskoaren irudia, bideoak, azalak, kontzertuetan erabiltzen dugun arropa eta abar musika bezain garrantzitsuak direla esan dezakegu”.

Nolanahi ere, argi dago Nizeren iruditegia ez dela diseinu grafikora soilik mugatzen. Zuzenekoetan osatzen dute "diskoan galtzen den energia" hori. "Zuzenekoak gorputzera doan energia botatzen du, kolpe bakoitzaren indarra nabaritzen da". Euren irudiari, egiturari edota kontzertuak emateko erabiltzen duten materialaren banaketari xehe-xehe erreparatzen diote. Egun, lau anplifikadore erabiltzen dituzte eta horrek zuzenekoetan "soinu aldaketa handiak" egitea ahalbidetu die. "Gure zuzenekoak oso zuzenak direla esango genuke", azpimarratu dute.

Lehen kontzertua 2019ko otsailean eman zuten, taldea osatu eta gutxira. Bilboko Aire galerian izan zen, lagun batzuen erakusketaren inaugurazioan. Goizean izan lehena eta arratsalde horretan bertan bigarrena, Bilboko Deustu auzoko inauterietan. 'Doblete' batekin estreinatu zuten taldea publikoaren aurrean, eta handik gutxira etorri zen bereziki gogoan gordeko duten kontzertua, Molchat Doma taldearekin batera jo zutenekoa. "Hirurok gogoko dugun talde bat da eta ez genuen espero beraiekin jotzeko aukera izatea".

Jendaurrean jotzerako orduan "areto txikiak" gogoko dituztela azaldu dute, jendearengandik gertuago sentitzen direlako. Publikoa "funtsezkoa" da haientzat, "eszenatokiko sentsazioa erabat alda baitezake". Ez hori bakarrik, publikoa nolakoa den ere berebizikoa da Nizeko kideentzat. Argi azaldu dute: "Guretzat, ez da gauza bera identifikatuta senti gaitezkeen hainbat ikusle izatea, edota gehiengoa gizon mota konkretu bat den publikoa izatea. Azken hori aipatzen dugu askotan sentitzen dugulako taldean bi emakume izateak baldintzatu egiten duela gure lanari ematen dioten balioa edota gure musika jasotzeko era. Gainera, askotan sentitu dugu 'neska talde bat' izateagatik deitu edo kontratatu gaituztela, musika-genero bat balitz bezala. Ondo iruditzen zaigu emakumeak dituzten taldeei lekua ematea, baina askotan sentitu dugu jendea horretaz baliatzen dela inklusiboak direla esateko, eta ez gure lana baloratzen dutelako".

'Zu Lo Han'

Bidean eta helmugan gehiegi pentsatu gabe heldu dira bigarren diskoa kaleratzera. 2020an atera zuten Ezin, zazpi kanturekin, eta iragan urrian bigarrena: Zu Lo Han. 2021eko otsailean grabatu zuten Bilboko El Tigre estudioan eta dagoeneko formatu fisikoan dago eskuragarri Atico Stero webgunean, plataforma digitaletan entzugarri egoteaz gain.

Badituzte hurrengo diskorako zenbait kantu eskuartean, baina, epe laburrean Zu Lo Han eta Nize bera ezagutarazteko kontzertuak ematea dute buruan. Horietako bat izan da asteburu honetan bertan Berlingo K19 aretoan Lukiek taldearekin batera eman dutena. Gurera ere etorriko dira, azaroaren 24an Bilboko Kafe Antzokira, hain zuzen, Otoi taldearekin batera.

08/11/2022