“Gure bizilagunak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da aukera horiek zeintzuk diren ezagutzeko modua eskaintzea. Aldi berean, euskararen biziberritzeak aurrera egingo badu, gure herrietan dauden gainontzeko hizkuntzei beren aitortza eta lekua eman behar diegu, eta horretarako elkar ezagutu behar dugula. Euskaltzaleen Topagunean ziur gaude hizkuntzetatik bizikidetza eraiki dezakegunaz”.Hitz horiekin, Euskaltzaleen Topaguneko Aniztasun sailetik azaldu zuten atzo datorren astelehenean Gasteizen egingo den hitzaldia, Zubi bat Euskaratik hitzaldien zikloaren barruan.
Hala, Euskaltzaleen Topaguneko Aniztasun sailetik Zubi bat euskaratik hitzaldi zikloa antolatu dute, hilaren19tik azaroaren 10era bitarte. Bizikidetza hizkuntzetatik eraikitzeari buruz arituko dira zortzi hizlari herri banatan, ikuspegi ezberdinetatik helduz gai nagusiari. “Atzerritik etorri direnak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da euskal hiztunok gure bizilagunei harrera euskaratik eskaintzeko dugun arduraz kontzientziatzea eta formatzea”, azaldu dite. Topaguneak horretan laguntza eskaini nahi du eta helburu horrekin antolatu dute bertako kideek hitzaldi zikloa.
“Ahalik eta euskal hiztun gehien nahi dugu elkartzea hitzaldi hauen zikloaren bueltan; aukera bikaina da gai honen inguruan ahalduntzen has gaitezen”. Gasteizen kasuan, hitzaldia datorren astelehenean izango da eta euskarari eta immigrazioari buruz hitz egin eta eztabaidatuko da, Gasteizko Landatxo gizarte etxean, 18:30ean. Bertan Julia Shershneva EHUko irakasleak Aniztasun linguistikoa eta immigrazioa EAEn hitzaldia eskainiko du.