Gipuzkoa

Zumaia: Gabonetako ekitaldiak berreskuratuko dira

Erregeen kabalgata. Argazkia: R. Plaza

ZUMAIA – Covid-19aren etenaldiaren ondoren, aurtengo neguan Zumaiako herriak gabonetako hainbat ekitaldi berreskuratuko dituela iragarri du. Osasun egoerak laguntzen badu, jaiotza, erregeentzat karta-jasotzea eta kabalgatak ospatzea aurreikusten du Udalak. Ia bi hilabeteren faltan guztia antolatzen hasi berri dira eta ohikoa denez, ekitaldi horiek aurrera eramateko, horietan laguntzeko herriko taldeei deialdia luzatu die. Zehazki lankidetza beharko duten gabonetako ekitaldiak honakoak izango dira: abenduaren 24ko arratsaldeko jaiotza; urtarrilaren 4ko Erregeen pajeekin batera haurren kartak jasotzeko ekitaldia eta; urtarrilaren 5ean, Eusebio Gurrutxaga plazan ospatzen den jaiotzan, eta Kabalgataren prestaketa eta ibilbide osoan laguntza.

Herriko talde eta norbanako ugarik hartu izan dute parte, baina antolaketan laguntza eskainiko duen talde handi baten beharra duela diote Kultur Sailetik. Asmo horrekin ireki dute izen-emate deialdia. Azaldu dutenez, lan guztiak Kultur eta Turismo sailetako ordezkariekin batera zehaztu eta antolatuko dira. Deialdira aurkezteko aukera, berriz, Zumaiako herriaren edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak izango dute.

Elkarte hauek Udalak herriko taldeen artean dirulaguntzak emateko onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Seguran-tzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).

Izena eman nahi dutenek azaroaren 12ra bitartean izango dute aukera, Alondegia kultur etxean, 943 861 056 telefonoan edo kultura@zumaia.eus helbidean. Izen-ematearen arabera taldeei bilera batera deituko zaie eta bertan emango dira beharrezko azalpenak. Behar izanez gero, taldeen arteko zozketak ere bertan egingo dira.

05/11/2021